Begiradak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2018ko urriaren 14a

Begiratuz soilik gauza asko behatu daitezke. Begiek egin ditzakete ikusgarri edo ikusezin milaka gauza, objektu edota pertsona. Behatuz auzian jartzen ditugu ondokoen jarrera, jokabide eta izaerak, modu batera edo bestera beraz, begiak gure aurreiritzien isla bilakatzen dira.

Donostiako autobus geltokian begiradak proiektuaren inguruan egindako lanketaz gozatzeko aukera izan dut duela gutxi. Bertan pertsona desberdinen aurpegi eta begiradak aztertu daitezke, bai eta Antonio Machadoren honako aipua: Begiak ez dira begiak zuk ikusten dituzulako, begiak dira ikusten zaituztelako. Begiekin beraz, ondokoen nahi, desira eta beldurrak antzeman ditzakegu.

Kaletik goazenean, askotan oinezko scanner-ak bilakatzen gara, guretzat normaltzat ez dena goitik behera fotokopiatuz. Begiradaren erdigunean kokatzen ditugun pertsonekin egotea tokatu zait eta behin eta berriz errepikatu didatena izan da, gehien sufritzen duten unea gutxiesten dituzten begiekin topatzen direnenean izaten dela.

Zenbait begiradekin nire aurreiritziak indartzen ditudala konturatu naiz, nahiz eta aurreiritzien desoreka pasata nuela uste izan. Begiekin ikusten ez duguna, ez da existitzen eta horregatik ez dugu kontuan hartzen, ondokoak aberastasun iturri izan daitezkeela alderatuz. Pertsona askorekin izaten dudan miopia jarrerak elkarbizitzarako urratsak ematea galarazten dit inolako zalantzarik gabe.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!