EH plaza, gure plaza

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2018ko uzt. 1a, 21:23

Tolosak erdigune sozial bat baldin badu, hori Euskal Herria plaza da. Arkupeek, azokek… bizia ematen diete Alde Zaharrari.

Azken urteetan, lehen egiten zen moduan, taberna sareetatik eszenatokira egiten dute salto Tolosako musikari, dantzari eta hainbat eragilek. Aurreko ostiralean egindako emanaldia izan zen horren lekuko, musikaren aitzakiaz San Joan festen magia mantenduta.

Plazaren iluntasuna konpas eta pentagramen argitasunari lotzen da, arrakastatsu bilakatzen ari diren kontzertuen lekuko. Baina iluntasun horrek badu, ekitaldi aurretik zeresana. Ez da posible kontzertu aurreko astean, emanaldia behar bezala egingo den edo ez jakitea, eszenatokia alde batean edo bestean jarri eztabaidatzen. Eta dena, komertzio bat edo besteri eszenatokiaren posizioak kalte egiten diolako.

Mila pertsona inguru biltzen dituen ekitaldi batean, antolatzaileak nahi duten azkeneko gauza bertako komertzio nahiz udalarekin liskarrak izatea da. Urte guztian zehar, plazako terrazak betetzen dituzten kide berdinek antolatzen dituzte, urtean behin edo bitan, horrelako kontzertuak. Egun batzuetako espazioa okupatzeak Tolosak duen kultur potentzialari gailentzen zaio tamalez.

Azkenean erantzuna, eszenatokia, eskumen txikiena duten taberna eta komertzioen ingurura mugitzea izan da. Ez da lehen aldia horrelako liskarrak izaten direla; borondatez aritzen diren antolatzaileak erretzen ari dira jada. Bizikidetzaren onurarako urratsak ematea ezinbestekoa iruditzen zait, batez ere, udaletxearen partetik, herritarren eta bertako komertzio txiki (eta ez hain txikien) onurarako. Ez genuke gure plaza kuttunetik mugitu nahi herritarron gozamenera begiratu beharrean beste alde batera begiratzen duten gutxi batzuen erruagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!