Jolasa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2018ko apirilaren 29a

Haurrek ez omen dute jolasten. Edo beno, hori da azkenaldian bolo-bolo dabilen gaietako bat. Lasai, hori ez da horrela, oraindik ere ahal dutenean ez dute jolasteko aukerarik galtzen.

Arratsaldero ikastetxeetako patioak neska-mutilez beteta aurkitu daitezke (espazio horien kudeaketan aurki daitezkeen desberdintasunak beste baterako utziko dugu…). Korri batera, salto bestera… betikoa. Baina ikastetxeak ateak ixten dituztenean, zer? Txinera edo ingeles akademietara, kiroletara, musika eskolara… Noiz eta non jolastu dezakete beraz gure neska-mutilek?

Alfredo Hoyuelos Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak esan zuen bezala, «hainbat herri eta hirietan egiten diren ikerketek erakutsi dute umeak kalean egonda, hiriak ziurragoak direla, eta justu kontrakoa egiten ari gara, umeak kaleetatik kentzen». Haurrek jolaserako erabili ditzaketen espazioak urriak dira eta honi euren fulltime ordutegiak gehitzen baldin badizkiegu, jolaserako denbora eskolaz kanpoko jardueren arteko trantsiziora murrizten da, kalea ia zapaldu gabe.

Haurrei ez ezik, gaztei eta helduei ikaragarri gustatzen zaigu jolastea, aukera dugunean ez dugu zalantzarik egiten. Hala ere, gure astearen planifikazioak elkar-ekintzarako momentu horiek alde batera uzten ditu, egin beharrez beteriko egun luzeei protagonismoa emanaz. Bide beretik doaz haurren jolaserako momentuak. Behin pentsatzen jarrita, larritzekoa dena zera da, gure herriko gazteen aisialdi eredua lokal itxietara bideratu dugula.

Aisialdiak ordutegi zorrotzen eta espazio itxien norabide hori jarraitzen badu, ezin esan dezakegu haurrek jolasten ez dutenik, guk eskaintzen diegun eredua hori baita. Gazteek gazteentzat eginiko ekintzak badira mila, pixkanaka indartzen joan daitezen espero direnak. Plaza, parke eta kale bizien mugimenduak jolasera bideratu gaitzala!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!