Horrelakoetan zein zaila den pertsona talde bat kudeatzea. Ah! Ez nahastu, ez naiz gure taldeko gaztetxoez ari…
Partidetan, astean zehar landu duguna erakusten saiatzen garenetan, aurkako taldeaz gain harmailetan dauden «zaleen» aurka ere aritu beharra izaten dugu askotan. Epaileari ikaragarrizko irainak, aurkako entrenatzaileei eta jokalariei ziztuak, basapiztien tankerako oihuak… Zaletu izatearekin gutxi ez eta zalelo bilakatu ohi dira asko.
Zein dira jokabide hauen kaltetu nagusiak? Gure neska-mutilak. Lotsatu egiten dira batzuk, beste askok ez dute jolastu nahi izaten. Jaramonik ez egiten saiatzen gara gu, aurkari eta epailearekiko errespetua bultzatu nahian. Zaleloak aldiz, gure diskurtsoaren aurkako jarrerak errepikatuz. Hau pagotxa!
Harmailak bilakatu ohi diren desertu horietan ezin uka dezakegu oasi txikiak aurki daitezkeela. Geroz eta gehiago dira jokalariak jo eta su animatu eta ondoan dituzten astakiloak isiltzen dituztenak. Kirol kantxak errespetu eta gozamenerako espazio bilakatzeko, denon mesedetan, zaleloek hobe duzue etxean gelditu.