Filosofibai

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2017ko ekainaren 25a

Ikasketa plan berrien mehatxuak egia bihurtu dira azkenean. Filosofia derrigorrezko ikasgaia zen lehen, orain, hautazkoa da batxilergo modalitate bakarrean.

René Descartes filosofo frantziarrak hauxe esaten zuen: «Filosofiarik gabe bizitzea, begiak itxita bizitzea da, hauek inoiz irekitzeko asmorik gabe». Agian hori izan da aldaketaren arrazoi nagusia, gizarte eraldaketa alde batera utziz begiak itxita bizitzea eta herritarrak begiak itxita biziaraztea.

Filosofiak norberak egiten duenarekin ez konformatzen erakusten du, bizitzarako hain garrantzitsua den iritzi kritikoa garatuz. Eztabaida, elkarrizketa eta analisi bidez, ikasgela batean egon daitezkeen ideia desberdinak interpretatu daitezke. Ideia horiek gure ingurunea ulertzen eta eraldatzen laguntzen dute. Ikastetxeek honetarako zuten erreminta bakarra izan ohi zen filosofia ikasgaia.

Beste kontu bat da noski, gaur egungo hezkuntza sisteman filosofia nola irakasten den. Ikasgai honek pairatu dezakeen arazo handienetako bat da ikasleek filosofia ikasgaia «txapa» moduan identifikatzea. Klase hauek ezin dituzte soilik kontakizun historikoak bildu; ikasleak izan ditzakeen mugetara lotuta egon behar dute, errealitatea interpretatu eta galderak formulatzera bideratuta.

Ikasturtea amaitu da eta erreflexiorako hilabeteak datoz jarraian. Gizartea begirada kritiko batez erreparatzeko ikasgai honi etorkizunik ikusten ez dioten horiek badute denbora euren azterketa «pendientea» prestatzeko: filosofia oinarrizko ikasgaia izan edo ez izatearen azterketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!