EgokitzaPENAk

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2017ko apirilaren 30a

Muturrez aurrera erori nintzen aurrekoan trenetik atera nintzenean. Nire hankek ez zuten lortu trenetik lurrerako tartean oreka bilatzea. Gurpildun aulkian nire ondotik pasa zen gazte batek nolabaiteko enpatia keinu bat eskaini zidan. Zer ote den egunero kaleko oztopoen aurka borrokatzea?

Duela urte batzuk, aniztasun funtzionala zuten pertsonek, mugikortasun arazoak izan ala ez, ez zuten kalea zapaltzen, gizartetik baztertutako talde bat osatzen zuten. Gaur egun aldiz, pertsona hauek pixkanaka kalean ikusi daitezke, euren behar izanen asetzea ez da soilik familian gelditzen. Ikastetxeetan aktiboki hartzen dute parte, kirol talde inklusiboetan dihardute, beste mota batera erakutsi ezin daitezkeen baloreak ezagutzeko aukerak ematen dituzte… Hau da, pentsa ezinak ziren mugak apurtu dituzte.

Gizarteratze prozesu honetan handiak izan dira egin diren egokitzapenak. Baina tristea dena zera da, hartutako neurriak arazo hauek aurre ikusteko baino, hutsuneak betetzeko izan direla. Ikastetxe batzuetan esate baterako, ikasle askok ezin izan dute matrikulatu euren mugikortasun premiak asetzeko baliabiderik aurkitu ez dutelako.

Baliabide ekonomikoei bota izan diete kulpa askok. Material edo baliabide eraginkorrena pertsona askoren «txip» aldaketa izango da inolaz ere. Ez da ezer kostatzen eskaileren ondoan aldapatxo bat jartzea; gehiago esango nuke, motrizitate arazoak izan edo ez jende gehiagok zeharkatuko zuen aldapa, ziur nago.

Pertsona oro aseko dituzten neurriak hutsunea gertatu aurretik ezartzea beharrezkoa da. Prebentziozko egokitzapenez josi behar da gizartea, ikuspegi aldaketa bat beharrezkoa da. Oraindik denentzat izango den kalea lortzeko dagoen jauziari aldapatxo bat jartzen badiogu?

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!