Inauteriak zer ziren galdetu zidaten duela gutxi. Galdera entzun bezain pronto burura etorri zitzaizkidan milaka iruditara egin nuen salto. Zezenetan konfeti borrokak bizitzea inauteria da. Urtean behin, alboradan txistulariak entzun eta horiekin kantatu eta dantzatzea inauteria da. Aste batez eguraldian aditu izatea inauteria da. Diana 96 aldiz jarraian jotzea inauteria da. Gibelari zer moduz dagoen galdetzea ere inauteria da. Zer demontre, urte guztian zehar tokirik ez duten milaka istorio bizitzea da inauteria!
Batzuei agian txarangen atzetik ibiltzea gustatzen zaie. Niri aldiz, zezenen osteko dantzaldiaz gozatzea. Beste horri lagun kuadrillak hala nola egindako konpartsan tzunda-tzunda entzutea. Bada hausterre egunean poteoan gozatzen duenik ere. Mila modu festaz gozatzeko. Horrek egiten du berezia inauteria, eta noski, berezi denak merezi. Konfeti eskukada handi bat bihurtzen da Tolosa, kolore desberdinetako pertsonek herria koloreztatzea helburu izanda.
Aurten pirataz mozorrotuko naiz, nire altxor preziatuena nik bakarrik ez, herritar guztiek gozatuko dutela jakinda; inauterietako musikaz ari naiz bai. Txarangek markatutako erritmoan bizitzen ditugu eromenezko egun hauek. Askotan tamalez, gehiegizko zaratak itzali egiten du kaleetan sortu ohi den harmonia. Zaratak eta polemikek ezin dute inauterien errespetu doinua isilarazi. Txaranga urruti ikusita ere, iriyarena egiteari utzi, jaitsi musika eta gozatu festaz!
GORA INAUTERIAK!