Zergatik izan nahi duzu irakasle?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2016ko urriaren 23a

Eta zuk, zergatik izan nahi duzu irakasle?» Hasi dira buruhausteak, batzuentzat. Benetan irakasle izan nahi duenak erantzun baino lehen bere burua saltoka, lanean jarriko du. Hauek badute zerbait, ikasteko grina agian; gizartea eraldatu dezakeen aldagai izateko gogoa bestela. Erantzuteko bide erraza hartzeak ez du beti galdera hau behar bezala ebazten, eta tamalez, gure ingurua bide lasterra hartzen dutenez osatuta dago.

Unibertsitatera erantzun bila iritsi eta galdera ikur gehiagorekin aurkitu. Irakasle izan nahi, baina nondik hasi jakin gabe. Bokazioa neurtuko duen neurri edo baliabiderik gabe, eseri eta bi orduz gure aurrean jartzen denaren hitzak kopiatu besterik ez dugu. Ah, eta ondokoak isilik, jasotakoa baieztatzen. A zer buruko mina!

Tristea da hezkuntza asaldatzen duten gertakariei jaramonik egiten ez dieten ikaskideez inguratuta egotea. Kontraesan eta aurreiritzien aurka altxatu ordez, jasotzen dutena eraldatu gabe dihardute. Klasera iritsi, irakasleak esandakoa irentsi eta azterketa edo bakarkako proba batean bota; hezkuntzak sortu ditzaken erronka guztiak dastatu gabe.

Horietako askok aukeratzen omen dute magisteritza beste karrerak baino zailtasun gutxiago duelako. Zailtasunen araberako hautua egiten badugu jai daukagu. Nahikoa da. Irakaskuntzak ez du izan behar azken aukera, ezin du «deskarte» lana bete. Imajinatu besterik ez dugu lehenengoz irakasle eskolara sartzen den horrek zenbat informazio «toxiko» dakarren motxilan. Magisteritzan ikasteko gutxi, azterketa errazak eta hiru hilabeteko oporrak!

Hezkuntzak dituen oztopoen artean, irakasleen motibazio falta da kutsagarrienetakoa. Elkar eragitea badugu oinarri, landatzen ditugun hazi berak jaso beharko genituzke, kalte egin dezaketen pestizidak uxatuz. Zergatik izan nahi dudan irakasle? Ba, ez dakit. Erantzun bila jarraitu nahi dudalako ziurrenik. Izango ditudan hiru hilabeteko oporretan pentsatzeko denbora izango al dut?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!