Kale Kantoitik

578 egun

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2018ko ekainaren 15a

578 egun daramatzate kartzelan Altsasuko gazteek. Errekurtsoaren esperantzan orain, ez dakit zenbat iraungo duen gure indarrak. Esan nahi dut ez dakidala zenbat iraungo duen gure egunerokoan presente Espainiako estatuaren eraso honek.

Lagun batek, bere buruarekin kritiko, esan zidan atzo, hori ere ahaztuko zaigula, eta ziurrenik arrazoi du. Baina nekeza da memoria mantentzea injustiziaz inguratuta bizi zarenean. Burura datozkit Aljeriako basamortuan 40 urtetik gora euren etxetatik urrun bizi diren sahararrak. Gogoratu nahi nituzke Israelek azken urteotan hil dituen 3.000 umeak eta euren familiak. Mediterraneoan hondoratu diren ametsak. Gure telefono mugikorren koltan mineralak sortzen dituen gatazka militar eta heriotzak...

Orain dela hamabi bat urte lagun batek esaten zuen Boskimanoak ere ahaztuko genituela. Eta arrazoi zuen. Kezkatzen gaituzten hainbeste gaien artean ez dakit guztiarentzat lekurik ba ote dugun memorian. Afrikatik hegoamerikara joanda, kezkatzen didate herri indigenen zapalkuntzak, kazetarien erailketak, feminizidioen zerrenda amaitezinak...

Urrunago geratzen zaizkigu Siria, Somalia, Sudan, Yemen, Birmania...

Saiatu nahi nuke tarteka gogoratzen Altsasun gertatu zena, gertatzen ari dena, eta guztioi egin diguten erasoa. Manifestaldietan oraindik indarra dago, baino nekea eta atsekabea ere iritsiko dira... Sistemak erraz lortzen du gizabanakoen egunerokotasunean memoria zapaltzea. Hori da tamalgarriena. Iritzi publikoaren kudeaketan, gure kezka eta haserreen kontrolean... Horretan jaioa dela sistema deritzon izaki ikusezin hori. 578 egun asko dira. Nahiz eta gure agintarietako batzuk bizkarra eman, asko behintzat zuekin gaude gazteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!