Egun gutxi dira iritzi zutabe honen lehen zatia plazaratu nuela. Podemostarren txaleta izan nuen hizpide, jabego pribatua, eta koherentzia.
Txalet baten inguruan sortu den iskanbila gehiegizkoa ote, eta azkenean Podemoseko baseek babestu dituzte euren liderrak, dena esan behar bada, konfidantza gehiegi ematen ez duen bozka sistemarekin bada ere.
Ezta makala baina txaletaren gaia. Etxebizitza izan bada gizartearen, politikaren eta ekonomiaren ardatzetako bat. Horregatik Madrilen etxebizitzaren gaiaren inguruan kezkatuta zegoen eragile sozial batek, gizartearen etxebizitzaren inguruko hainbat proposamen luzatu zizkien parlamentuko alderdi politikoei. Batzuk erabat alde, Podemos bera edota Euskal Herria Bildu kasu. Besteak epelago, gai batzuetan alde, besteetan kontra... Ciudadanos ia guztietan kontra... Eta baziren bi alderdi, biltzea ere erabaki ez zutenak. Bata PP zen, eta bestea... Bestea PNV.
Jeltzale askok izan dute azken asteetan koherentzia hitza ahoan Pablo Iglesias eta Irene Monterori buruz aritzerakoan. Etxebizitzaren inguruko politiketan interes gutxien zuten horiek. A ze paradoxa! Eta paradoxetan paradoxena, koherentziarena. Ez da sare sozialetan urrun jo behar aurkitzeko EAJko hainbat ordezkari 155a indarrean zen bitartean aurrekontuak babestuko ez zituztela esaten. Baina ez behin, edo bitan... Makina bat aldiz, eta batzutan paparra puztuta, lazo hori solidarioa eta guzti, "palabra de vasco" esaldiarekin euren promesa amaituz. Ez dakit euskaldunon hitzak ba ote duen besteenak baina konpromiso gehiago, baina hala balitz, merke saldu dute, aizu! Akordioa ona den ala ez ez dut orain baloratuko, egin dezatela nahi dutena bere bozkek eman dioten boterearekin. Baina ez dezatela "ardura politiko" kontzeptua mahai gainean jarri Europako alderdi politiko ustelena den PPrekin akordio bat sinatu ostean. Ez dezatela esan tesitura politikoak behartu dituela, hauteskunde berriak deitzea arriskutsua izan daitekeela eta beste hainbat kontu... Ez diezaiotela arduraz harturiko erabakia deitu mozal legea 60. hamarkadako adierazpen askatasunaren mailara eraman duen Alderdi Popularrarekin bat egiteari. Espainiako eskuinak, parlamentuaren gehingoa izan gabe ere, lortu du gehiengo izatea, PNVren botoei esker hain zuzen ere.
Koherentzia, esanda bezala, erronka nekeza da. Eta batek bere hitzak jatea erabaki duela onartzea ere ez dago gaizki. Baina horretan antza dute Podemosek eta EAJk. Eta agian baita gainontzeko alderdi guztiek ere. Gainontzekoen kakari erraparatuta norberarena ez ikusteko trebetasuna itzela da gero.