Pablo Iglesias eta Irene Monteroren txaleta izan zen eztanda informatiboa. Hautsak astindu ditu Espainiako alderdi ezkertiar ia bakarraren buruen erabakiak. Eta ulergarria da askoren sumindura. Bai, onartzen ditut ia denen argudioak. Askoz larriagoa dela Rivera, Zaplana, Felipe Gonzalez, Aznar eta nahi beste politikarien ondasunak lortzeko modua. Ustelkeria, alderdien zurruntasuna, gardentasun falta... Ados. Eta noski, nik ez dut uste ezkertiar izateak zubi azpian bizitzera behartu behar duenik inor. Ezta gutxiago ere. Jabego pribatuaren inguruko eztabaida ere harrotu du honek guztiak. Proudhon kontraesankorraren "jabetza lapurreta da" esaldiari interpretazio berri asko eman dakioke egun. Baina askok Marxen jabegoaren inguruko hausnarketari heldu diote, jabetza mota bakarra ez dagoela, eta norberak bere lanaren bitartez lorturiko jabetza, esplotaziorik -edo ustelkeriarik gabe- lorturiko jabetza zilegi dela ulertzera eman dute Iglesias eta Monteroren defendatzaileek.
Hemen niretzat gaiaren mamia. Podemos alderdiko kideek ez dute euren lanaren bidezko jabego pribatua eskuratu. Ez dute euren diruarekin nahi dutena egin. Sistema finantzieroaren tranpa onartu, eta 500.000 eurotik gorako hipoteka onartu dute jubilazio garaia luze gaindituko duen konpromezu ekonomikoa onartuz. Eta noski, ez dut honekin esan nahi ezkertiarrak sistemak ezartzen dituen arauak onartu eta jabegoa lortzeko joko finantzieroan sar ez daitezkeenik. Esan nahi dudana da, hain zuzen ere, miloika pertsonak bozkatu duten Espainiako alderdi politiko ezkertiarraren buruek hau egitea, traizioaren parean dagoela. Podemosen proiektu politikoa, hain zuzen ere sistemaren eta alderdi politikoen logikak haustea bazen, lehen maldan amore eman dutela. Eta ez edonork gainera, euren ordezkari nagusiek, baina. Gizarteak hor kokatu ditu, bozka eman dieten gehienek baina soldata altuagoekin, hain zuzen ere sistema honen zapalkuntzaren aurka borrokatzeko. Hain zuzen ere, sistema politiko eta finantzieroaren arteko lotura nagusia hori delako; gizarte hipotekatua, gizarte otzanagoa delako. Bi sistemen, edo sistemaren bi buruen interes bateratua delako. Alokairuarekiko politika eza ez da kasualitatea. Eta horrek Podemosen "construimos el cambio politico de nuestro pais" lemaren atzean behar zuen, baina aldaketari bizkarra eman dion liderra da Iglesias. Koherentziari bizkarra eman diona. Baina ez twitterren etxebizitzaren inguruan hau edo beste esan duelako, bere motibazio politikoa alde batera utzi duelako baizik. Agian Proudhonek arrazoia zuen, eta Madrilgo luxuzko txalet horrek, lapurtu digu zerbait...