Kale Kantoitik

Hezkuntza eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2018ko apirilaren 17a

Badirudi haserre handia sortu duela Cristina Cifuentes politikariaren masterraren aferak. Ulergarria da noski, eta ez da hark egin duena defendatzea nire helburua, pauso bat harago joatea baizik.

Eskuinaren legeetan, eskuina tranpetan. Boloniako prozesua oraindik oso gertu dugu gure historian. Hezkuntza publikorako eskubidearen urraketa zen, besteak beste, prozesuarekiko kritika nagusietako bat. Errealitateak berretsi du kritika hori. Unibertsitate ikasketen balioa ikaragarri gutxitu da, hauek osatuko dituen master ikasketen mesedetan. Eta noski, kapitalismoaren mesedetan. Hor nire ustez arazoaren mamia. Aristokraziak, bai ondo esan dut, askok beste mendetako errealitatetzat badute ere, egun bada aristokrazia, eta Cifuentes eta inguruko asko errealitate horren parte dira. Hori ba, Aristokraziak pribatutasuna defendatu du, klaseen arteko zanga zabalduz. Argi eta garbi esanez zein den norberaren tokia. Eta botere ekonomikoaren zapalkuntzarekin nahikoa ez, eta botere politikoa ere euren esku dutela baliatuta handitu egin dute distantzia. Aberatsek diruagatik kezkatu ez eta gainera esfortzurik ere ez dute egin beharko. Hori da urtetan sinetsi dutena, izan ere, argi geratu da Cifuentes ez dela gezurretan aritu den bakarra. 



Honek guztiak beste hausnarketa baterako bidea zabaldu beharko luke. Publikotasunaren garrantziaren ingurukoa, eta bide batez, kalitatezko zerbitzu publikoen exigentziaren beharrarena. Euskal Herriko Unibertsitatetik has gintezke, noski, baino herritarrekiko zerbitzuei begira baditugu eskualdean beste hainbat esparru non begiratu. Izan osasungintza, garraio zerbitzu publikoak edota etxebizitza. Azken honek ere badu berea; 8 hilabete daramatzate hutsik udal kudeaketapean diren 20 etxebizitza inguru. Herritar arrunta, finean, tonto aurpegiarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!