Kale Kantoitik

Izenik gabekoen istorioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2017ko aza. 14a, 12:06

Izenik ezean ez gara hunkitzen. Enpatia selektiboaren gizarte honetan kosta egiten zaigu iruditan jartzea bere horretan hain dramatikoa izan daitekeena. Zenbakitan jarrita agian ozenago entzun daiteke euren hilzoriko garrasia.

33293 izen eta abizen. Emakume eta gizon. Ume, heldu eta zahar. Denetarik. Bakoitza bere izen-abizenekin irudikatzea kosta egiten da, baina zalantzarik gabe zerrenda horretan murgiltzean, krisiaren tamaina eta garrantzia antzeman daiteke.

Der Tagesspieggel egunkari alemaniar ospetsuak izen eta abizen guztiak argitaratu ditu berriki bere azalean. Eztabaidatzeko aukera ematen du horrek, bai. Zein den erabakiaren egiazko asmoa, epistemologikoki zuzena den ala ez... Baina ez du niretzat axola oraintxe.

Indartsua iruditu zait. Hildako bakoitzari izen-abizenak jartzeko saiakera (United Against Refugee Deaths erakundeak egin du bilaketa lan nekeza) eta baita mundu mailako erreferente den egunkari baten azalean eurei eginiko omenaldia.

Ez du ezer haundirik aldatuko, baina gure Gernikan hildakoen izen-abizenak berreskuratzea beharrezko suertatu zaigun bezala, garrantzitsua deritzot Europara bidean itsasoan hildako etorkinei ere izena jartzea.

33293.  33293, bai. Horiek, antza denez, nolabait identifikatzeko gai izan direnak.

Gehiago izan zitezkeen itsasertzetan lanean diharduten milaka bolondres eta aktibisten lanagatik ez balitz.  Joan den astean Unax Blanco eta Asier Garciaren ZUK dokumentalaren estreinaldia aurkezteko aukera izan nuen Bilboko CINEXIT, elkarbizitzaranzko zinema erakusketan. Eskertzekoa da gurera errealitate gordinena ekartzeko egin duten lana, baina baita esperantza dosi horrekin gure konzientziak pizteko saikera. 

Gizakien krisi erraldoi honetan gure herriak egiten duena kontatzen du hainbat unetan. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Zaporeak proiektuak, Itsas Laguntza Humanitarioa erakundean lanean ari diren hainbat bolondres, Euskal Herrian etorkinei laguntzeko sortu diren kultur erakundeak... 

Heriotzaren mapa tragikoaren bestaldera bada mapa baikorragoa, elkartasunarena, lanean gogor diharduen jendearena. Agian analisi aritmetikoa onartzen du honek guztiak. Mapa bat areagotuta, konponbide txikiak bilatzen dituen mapa hori indartuta, ziur bestea murrizteko aukera izango dugula. Berandu baino lehen, tarteka pentsatu baitut Izenik gabekoen istorio hau ahazten ari garela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!