Buelta batzuk eman ditut mundutik. Muga ugari zeharkatu ditut, eta muga horien alde bietan hamaika arraza, etnia, sinismen eta jatorri ezberdinetako jendeari begietara begiratzeko parada ere izan da. Batzuekin, ez dira gutxi, solasaldi luzeak izan ditut politikari buruz. Narkoaren gerraren inguruan aritu naiz Mexikon bertako barne desplazatuekin, Hondurasko matxismotik ihesi zen errefuxiatutako neska gazte batekin Guatemalan, demokrazia partehartzaile sistema ezagutu nuen Etiopian, ebangelizazioaz hitz egin dut Indiako baso galduetako misioetan, Hong-Kongen liberalismoari buruz edota ia konturatu gabe gertatu diren estatu kolpeez Brasilen… Askotan tokatu da noski, euskalduna izaki, gure herriaz aritzea. Nik inoiz defendatu ez dudan borroka armatuaz askotan tokatu zait azalpenak ematea. Estatu terrorismoaz, eta herri honek arrazoi ugarigatik sufritu duenaz… Eta noski askotan galdetu didate independentziagatik . Nire barne inkoerentziak justifikatu behar izan ditut, muga eta banderetan sinisten ez duen gizasemea izanik, gure herrialde propioa nahi genuela azaltzeko. Askotan kontatu dut nola umetatik entzun dudan honako esaldia. Askotan entzundakoa gainera: “Bakea eta politikaren bitartez dena izango da posible”. Izatez agian sinetsi ere egin nuen. Nire solaskideek buruarekin ontzat eman ohi zuten. Elokuentzia indartsua du. Edo izango luke. Jakingo ez bagenu gezurra zela.
Eta egunotan, Estatu espainiarra Katalunian egiten ari dena ikusten dudan bitartean, jende eta solasaldi guzti horiek datozkit burura. Ez dakit nola azalduko nieken halako astakeria. Ez baita azaltzeko erraza. Eta mingarria da. Baino are mingarriagoa da konplizea den isiltasuna. Atzera bueltarik ez duen zauriaren egiaztapena. Emangabeko, inoiz osorik burutu ez zen trantsizioaren gezurra lotsik gabe erakusten duen herrialde baten degradazioa. Hautetsontziak estatu kolpearen parean kokatu eta tankeak demokraziaren defendatzaile gisa saldu nahi dituen estatua gaixorik dago. Pena ematen du, baita mina ere. Baina batez ere nazka eta inpotentzia sortzen du . Lotsagarria da Juan Carlos Borboikoa entzutea Frankok "Espainiaren batasuna" defenda zedin eskatu ziola esaten. Lotsagarriena baina, espainiarrak baieztapen honekin ez asaldatzea da. Beste garaietako usaina dauka honek guztiak, baina gaur gertatzen ari da. Espainia horrekin eroso sentitzen direnak izango dira. Ondo da. Baina errexa behar luke ulertzea askok ez dugula espainia horren parte izaten jarraitu nahi. Gero eta gutxiago. Baina Espainiak baditu gauza onak noski, eta bere literaturgile onenetako batek idatzi zuen esaldia nereganatuko dut iritzi hau amaitzeko. Hala zion: “Yo amo los mundos sutiles, ingravidos y gentiles”. Eta katalunia mundu horietako bat da egunotan, inspiratzailea zaigun mundua. Grabitaterik gabeko ametsek gidatzen dutena.
*Nahi duenarentzat paradojikoa da nola amaitzen den Machadoren poema hura.