Kale Kantoitik

Hurrengo geltokian trenetik jaisteko gogoa

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2017ko eka. 20a, 17:46

Horixe pentsatu nuen. Tren honetan bidaiatzeko gogoa joan zitzaidala guztiz. Espainiako Gobernuari Cristiano Ronaldoren zorra barkatzeko eskaera egiten zion gizaki talde batek change.org atarian.

Whatsappez bidali zuen lagun batek suminduta. Kontzertu baten aurreko soinu frogak amaitu berri genituen eta Zazpika aldizkariaren azken alea irakurtzen ari nintzen. "Infernua Chad Lakuan" zuen izenburua, eta afrikako erdialdean Boko Haram milizien biolentziaren ondorioz milaka pertsonek bizi duten egoera kontatzen zuen. Minutuko tartean bi informazio horiek barneratzea indigesto xamarra izan zen. Lizuna. Harridurak berak ere harritu ninduen bestalde. Gaur egungo albistegiak ikusi eta zentzu kritikoa piztu xamarra baduzu, zaila da haserre ez bukatzea. Atzoko Londresko atentatuarekin gertatu zen moduan. Istripua balitz bezala kontatu dute hedabide askok, terrorismo hitza, edota atentatu hitza izkutatuz. Eta horrek ere ez nau bereziki harritzen. Agian neurri batean amore eman dugulako. Etsita ere bagaudelako. Chad Lakuaren inguruko notizia irakurtzen ari nintzela pentsatu nuen CIEs deritzen Espainiak dituen etorkinentzako kartzeletan. Euren errealitatetik ihesi topatu duten beste infernuan. Torturak maiz salatu baditu gure gizarteak, ziurrenik torturarik gordinena "Centro de Internamiento de Extranjeros" delako leku horietan gertatzen da. Baina ez dakit ziur zenbat kezkatzen gaituen. Irrati zutabe honen testuan atxikita uzten dut gai honi buruzko laburmetrai gogor bezain beharrezkoa.

EXPRESS from CIEsNO Madrid on Vimeo.

Eta "Beharrezkoa" da seguruenik bilatzen ari nintzen hitza. Zer zaigun beharrezkoa, eta zer ez. Hortik abiatuta uler daiteke Cristiano Ronaldoren gaia. Lehentasun kontua da, eta hor eskubideak eta askatasunak nola ulertzen ditugun aztertzeak berebiziko garrantzia dauka. Plastikozko lehentasunetan eraiki bide baitugu gure gizartea. Eta lehentasunezkoa zer den pentsatzeak beldurra ematen du. Halaxe pentsatu nuen nik, "tren hontatik jaitsiko naiz hurrengo geltokian". Baina agian, hain zuzen ere beharrezkoa horixe da, trenean bidaiatzen jarraitzea, eta tarteka kafetegi bagoian gauza interesgarriekin topo egiten jarraitzea. 

P.D. Bagoi kafetegiaren kontuak beste baterako utziko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!