Kale Kantoitik

Eta guztiak bere martxa darrai!

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Asensio 2017ko mai. 26a, 16:05

Desesperantea da neurri batean. Galeanok zion bezala ea badugun bakarrik egoteko adorea eta elkarrekin aritzeko ausardia. Ezer gutxi balio baitu hortzak ahotik kanpo; hatzak eskutik kanpo.

Ezkor xamarra da gaurko zutabea, pesimista omen nabil. Kontua da sentsazio hori daukadala. Ume bati hau edo beste egin behar ez duela esan eta inongo arrakastarik gabe behin eta berriz errepikatzen duela ikusten duzunean bezala. Umeak ume, helduak heldu, gizarteak gizarte.

Sentsazio horixe dut. Hauteskundeak honek edo besteak irabazi, gizartearen zati potolo bat gauzak ondo egiten saiatzen ari dela ikusi, edota kontrako sentitu, hainbat egoeren aurrean jarrerak aldatu direla pentsatu nahi... Gero Google dator. Edo Facebook. Edo Twitter, edo Instagram edo etxe ondoko kontuen egunerokotasuna. Errealitatea, betiko jarrerak, nahigabe ezagutzeko aukera duzun gauza txikiek, guztiak bere ohiko martxa darraiela erakusten dute gordinik.

Desesperantea da neurri batean. Galeanok zion bezala ea badugun bakarrik egoteko adorea eta elkarrekin aritzeko ausardia. Ezer gutxi balio baitu hortzak ahotik kanpo; hatzak eskutik kanpo.

Lehengoan gitarra eskuan nerabilen eta honako hitzak atera zitzaizkidan melodia trakets batek lagunduta: "Aspaldi ez du esan inorrek, ez direla pasako". Gogoratu ere ez dugu egingo, zertaz ari naizen ere jakingo ez belaunaldi berriek.

 Egun batzuk dira adierazpen askatasunari buruz solasean aritu ginela Tolosan. Gogorra da gero gure errealitatea, gizabanako sakabanatuak gara asfaltozko oihan honetan. Eskutik kanpoko hatzak, aho sapairik gabeko hortza.

"Galeanoren poema mahai gainean, kafea irakiten sukaldean, etxea hotz gelditu da gauean, egunsentia ortzimugaren utopia da."

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!