Bai, kosta egiten da iritzi zutabe bat idaztea. Egunero jasotzen ditugun ehunka informazio kolpetxoen artean, zerri heldu, zer gai aukeratu, nondik enfokatu, zer egin... Gaueko ordu txikiak gustoko ditut lan hauetarako. Erlojua ordubatetara bidean dela eta dagoeneko nere zutabea martxan nuela word-ek krak egin du. Eta biluzik utzi nau. Esaten ari nintzena berridazteko gaitasunik gabe. Ez behintzat idazten ari nintzen moduan. Ahulak gara gero. Edo niri behintzat, hasierako parrafotxoa galtzeak sutan jarri nau. Haserre bizian ez dut esango baina indignazio puntua somatu dut. Ziurrenik aipatzen ari nintzen gaiak sortzen didanaren parekoa. Hauxe zen, hori bai dut gogoan, desagertu den testutxoaren izenburua: Besteek ere egiten dute!
Eta hortik abiatuta ere haserretzen ari nintzen. Telegrafikoki esango dut. Jordi Cruz. Sukaldaria. Polemika. Praktiketako langileak. Lan baldintza prekarioak. Batzuk ikaragarri suminduta. Besteak neoliberalismoaren bandera astinduz. Agian lehenen artean esplotatzaileak. Nork daki, bigarrenen artean esplotatuak ote?
Zaila da zentzurik gabeko gizarte honetan orekari buruz hitz egitea, baina arrazoia bada polemikaren bi aldetan. Arrazoi sendo eta zehatzak. Batetik, muturra behar da zure enpresa aurrera ateratzen lagundu bakarrik ez, beharrezkoak diren ikasle/bekadun/praktiketako langile -deitu nahi duzuen moduan- horiek zapaldu eta bitartean dirua barra-barra etxeratzen ibiltzeko. Bestetik ezin uka daiteke egoera hori esparru ezberdinetan ezin ohikoagoa dela. Denok bizi izan dugula gertu. Eta nazka ematen duela. 1-12 soldata proportzioa duen enpresa batean, praktiketako langile gehiago izateak berezko langileak baino, eta eurek xentimo bakarra jaso gabe gainera lanpostura heltzeko euren poltsikotik dirua jarri beharrak…
Agian polemikaren erdian berriz ere sistema deritzon izaera fantasma duen erraldoi gaindiezina dago. Legegintza greban da aspaldi prekaritatea saihesteko. Agian sindikatu eta patronal binomio arkaikoaren menpe garelako maizegi. Ez da urtetan politikaren erabakietatik minutu bakar bat eskaini enpresek, legalki, praktiketako langile bati eta bi aldeentzat onuragarria izan daitekeen akordioekin kontratatu ahal izateko.
Ikasketen eredu berriek pribatizazioa, masterizazioa, elitismoa eta interes ekonomikoak gailendu dituzte urtetan. Ez dakit lan sailak, heziketarenak edo nork hartu beharko dien kargu neoesplotatzaileei. Baino gizartean asko izan dira "besteek ere egiten dute", edota "besteok ere pairatu dugu" lelopean 'megasukaldari' eta 'megaenpresari' neoliberalenak defendatu dituztenak.
Diruaren tranpak gose dira. Pentsa, ez ote den polemika guztia telebista kateen audientzien arteko borrokak sortua izango... Orain, zera, "besteek ere egiten dute" argudio lazgarriari, honakoa gehitzeko aukera badugu: "hau beste kate baten interesez egindako kanpaina da". Eta konturatu gabe gaiaren mamia alde batean utzi dugu. 16 sukaldari bekadun 22 oheko pisu batean bizi dira. Ikaragarrizko zortea omen da formazio horregatik ez ordaindu behar izatea. Ba ez. Enpresa batek aurrera egiteko bere lan taldearen herena dohainik lanean izatea behar badu, lanordu osoan, lanordua etengabe gainditu eta orduak sartu eta sartu beste langileen aukerak murriztuz, doako formakuntzaren tranpa irentsita... Barkatuko didazue baino hori ez da zilegi; diotena diotela. Hori bai, "besteek ere egiten dute", eta "besteok ere pairatu dugu" esaldiekin gustura geratzen dena bere askatasunean da. Oker izateko askatasunean. Ondo ez dagoena, ez dago ondo. Ez zaio buelta gehiagorik eman behar.