Gaztearoko trauma izan liteke, baina aspalditik gorroto izan ditut portaletan aurki daitezken mezu horiek. "Portal honetan ez dugu propagandarik onartzen". Egunero supermerkatu, altzari marka, edota auskalo zeren publizitatea jaso nahi ez eta propagandarik nahi ez dutela dioten portal karteltxo horiek...
Katalunian pasa dut asteburua eta nire taldekideei behin baino gehiagotan esan diet, "Igandean arratsalderako Tolosan behar dut, bozkatzeko hitzordua dugu eta". Musika talde anitza dugu, kataluniar, britaniar eta euskaldunek osatua, eta denek, bakoitzak bere neurrian, uler zezaketen bozkatzera iristeak zuen garrantzia. Iritsi eta bozkatu. Etxetik pasa eta lanera zuzenean; zerkausian bozgorailuak jartzera. Eta trianguloan edota zerkausian, hilabetetan amets kolektibo hau gauzatzeko hainbeste lan egin duten horien aurpegiak ikusi nituen. Urduritasuna, tentsioa, ilusioa, poza, zalantza... Auskalo zenbat momentu pasata egun haundi batera helarazi gaituzten hainbat lagunen aurpegiak ikusi nituen. Eta momentu hartan, konpromezu pertsonal hura, bozkatzera iritsi beharraren konpromezua, alegia, eginbehar kolektiboa zela konturatu nintzen. Festa giroa bizi nahi, baino indarrak ahituta iritsi zen lantaldearen keinua atzeman nuen. A ze lana denbora luzean eginikoa!
Datuak jasotzen hasi, haiek prozesatu, interpretatu eta jendaurrean adierazi eginiko bide hartan bizitzen ari ginen momentuak zuen garrantzia. Azken egunetako lo falta. Zenbat erabaki txiki hartu beharko zenituzten, denok erabaki handiago bat hartzeko eskubidea izan genezan bermatzeko. Zenbat emozio izango zenituzten gorderik, jasota, eta ondo esan zenuten bezala, familiak jasan, onartu eta ondo bideratzen lagunduko zituztenak. Eta horrelako batean, intentsitate handiko asteburuaren ostean, azken hilabetetan egin dituzuenak, tarteka bada ere, bizi izan ostean, zera pentsatu nuen... Bejondeizuela!
Irakurri ditut, ondoren, abertzale direnen artean batik bat, parte-hartzea eskasa izan dela, nahikoa izan ez eta... bestelako mila iruzkin horren inguruan. Zer esango dizuet ba, Tolosaldean hautesleriaren %31ak parte hartu izana ikaragarria deritzot. Hauteskunde arruntetan, lotesleak diren horietan, urtetako militantzia politikoa, askotan akritikoa den hori euren alde duten hauteskundeetan, eta batez ere, kanpaina politikoan miloika euro xahutzen dituzten horietan parte-hartzea zein izan ohi den ikusita, ikaragarria iruditzen zait lorturikoa. Ez dakit ikuspuntu politologo, soziologiko, estadistiko edota bestekakoetan ikaragarria ote den. Baino badakit zerbaitekin amestu, zerbaitengan sinetsi, eta hori lortzeko auzolanean aritu den gizaseme talde baten ekinari buruz. Eta lortu duzuena, (zuen baimenarekin) lortu duguna, baloratu egin behar dela garbi daukat. Lau xentimorekin, baino hamalau ilusio uztartuta eginiko kanpaina hori... Irripartsua, ilusioz betea, bibrazioduna, energiaz gainezka ere egin zezakeen horrek, lortu du lortu beharrekoa.
Publizitaterik ez, eskerrik asko. Nik ez dut buzoian inork eros nazan behar. Bada ideia sendoagorik, eta zalantzarik gabe herrigintzan, eztabaidan eta aniztasunean hazi eta hezi behar duguna. Gure esku dago. Jende zoriontsua, herri libre batean... Egia bedi. Eta berriro; bejondeizuela.