BALERDIPETIK

Eztia eta haren atzean dagoen lana: erlezainak azokan bueltan

Bedaioko Azoka Berezian Balerdipeko erleen postua. L.C.

Udazkenarekin batera, gure ekoizpenak kristalezko ontzietan bilduta ikusten dira berriz ere Tolosaldeko azokan. Erlezain gisa, lan horren atzean dagoen guztia erakustea nahi genuke, produktu bakar horren bidez adierazten baita urte osoan zehar egindako ahalegina eta dedikazioa. Baina ez da denok dakiguna: eztia baino askoz gehiago dago bertan, lanak, arreta handiak eta naturarekiko errespetuak sortutako istorioa.

Gure erlauntzetan, urte osoan zehar egon behar dugu adi. Udaberri hasieran, erleek polena biltzeko denboraldia hastean, beharrezkoa da beraien osasuna, elikadura eta habiaren garbitasuna ondo zaintzea. Erlezaintza arduratsua eta naturarekiko errespetuzkoa egitea ez da erraza, eta beti jakin behar dugu noiz eta nola esku hartu behar dugun. Beharrezkoa da inguruko ekosistemekin oreka mantentzea, baita erleen bizimodua baldintza onetan mantentzea ere. Hau guztia ezin da egun batetik bestera ikasi, urteetako jakinduria eta lanbidearekiko pasioa eskatzen ditu.

«Eta lan guztia kristalezko ontzian bildua geratzen da; denboraldi oso baten lana»

Eta lan guztia hor geratzen da, kristalezko ontzi batean bildua. Baina, zer aurkitzen dugu bertan? Ezti ontzi bakoitzean denboraldi oso baten lana, baldintza klimatiko aldakorren aurrean hartutako erabakiak, eta gure erleek, isil-isilik, egunero egiten duten ekarpen ikaragarria, polena eta nektarra bilduz. Erlezaintzan, ezti guztiak ezberdinak dira; eremuaren arabera, lora-mota zehatzak daude, eta horrek zapore eta testura desberdinak ematen dizkio gure produktuei. Horrela, erlezain bakoitzaren eztia bakarra da eta beraien erlauntzek jasotzen duten inguruaren isla da.

Euskal Herriko erle beltza babesten dugu, gure historian hain berezkoa den espeziea, eta horrekin lan egiten dugu inguruko eremuan bertako biodibertsitatea zaintzeko eta sustatzeko. Baina gainera, gure erleek lora eta zuhaitz bakoitzaren usaina bildu eta gure eztietan islatzen dute. Eztia ez da azukre hutsa; bertako ingurua eta denboraldia islatzen ditu. Eztia dastatzean, uda eta udaberrian loratu diren loreak, basoko zuhaitzak eta ingurunearen beste milaka detaile txiki biltzen ditugu.

Azokan ikusten den ontzi txiki horrek, beraz, eztia baino gehiago gordetzen du. Bertan, urte osoan erlauntzetan igarotako orduak, erleen elkarbizitzan ikasitakoak eta lurrarekiko konpromisoa daude bilduta. Eztia eramaten duzunean, jakin dezazue bertako lanari eta ardurari loturiko balio bat eramaten duzuela etxera. Eskerrik asko hori baloratzen eta gure lana ikusarazten laguntzeagatik, gure eztia dastatuz gure esfortzuari eta ingurumenarekiko zaintzari aitortza ematen diozuelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!