BALERDIPETIK

Mila arrazoi

Erabiltzailearen aurpegia Inaxio Arin eta Mattin Jauregi 2023ko ekainaren 19a

Akazia. ATARIA

Erlezainak baditu mila arrazoi ofizio edo afizioari eusteko, ziztadez josita bueltatu arren erlategitik.

Erleei esker ikasi dut loreak identifikatzen, zuhaitzak eta garaiak ere. Lehen, pasaeran ikusten nuen lore hori, orain akazia lorea edo txikoria den identifikatzen ere ikasi dut, noiz loratzen den bakoitza ere badakit.

Erleak erakutsi dit sasiak zein koloretako polena ematen duen.

Gaztainondoak lorea beherantz botatzen duela eta polen horia duela. Erlezaintzan hasi aurretik, ez nintzen inoiz gaztainondo baten loreei begira gelditu, are gutxiago noiz loratuko zen pentsatzen. Gaur-gaurkoz horien arabera antolatzen naiz.

Hori dena erlauntza barrukoa ikusi gabe, eta erlauntza barrura begiratuta?

Beste mila arrazoi erleekin jarraitu nahi izateko…

Zoragarria da erlauntza irekitzen dugun bakoitzean ikustea zer martxa duten, nola antolatzen diren.

Gaurtik biharrera zenbat lan egiten duten…

Erleak naturarekin duen harremana zuzena dela konturatzea, ez duela bitartekorik, batak ematen dio besteak bueltatzen dion beste.

Erlezaintzak erakutsi dit harreman hori ulertzen eta bizitzan aplikatzen.

Arrazoiak baditudanez jarraituko dut erlezaintzan, erleak zaintzen eurek zaintzen gaituzten beste!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!