Ondoren udara dator, bero handiko saioa eta nolako uda aurtengoa gainera...
Bero eta eguzkiak loraldiak geratzen ditu, udaberriko larre berdeak gorrituz, gure azal zuria gorritu ohi duen bezala. Loreek nektarra isurtzeari uzten diote eta horrek erleentzako lehortea dakar, erlea janaririk gabe geratzen hasten da eta ur falta antzematen du.
Uda garaia pasatzerako udazkenaren zain zeuden erleak, baita gutako asko ere, larreak eta giroa freskatu zitezen esperantzan.
Udaberrian kolorez beterik zeuden loreak jada gorpuztu ziren, fruitu bilakatzeraino.
Udazkenaren zain, udazkenaren zain, eta ez euri, eta ez udaren azkenik.
Nondik elikatu ez zekitela zebiltzan erleak, ez baitzen garaian egon beharko zuen loraldi emankorrik. Gu ere tartean ginen ez genekiela garaian nola egokitu. Beste batzuk aldiz, bukatzen ez zen udaz gozatzen.
Udazkenarekin batera lehen euriteak beharko lukete, naturaren zikloak jarrai dezan, fruituak lurrean usteldu, haziak sustraitu eta udazken loreak esnatzeraino. Erleek udazken loreetan, negurako prestatzen aritu behar zuten garaian, ez zuten prestaketa garairik izan, bukatzen ez zen udan jarraitzen zuten.
Pum! Negua behar luke. Erleak prest egon behar luke lanari utzi eta hibernatzeko. Hotzetik babestea eta urteko erreserbak jatea behar luke beraien lana.
Baina zer hotzetik babestu eta zer erreserba jan behar dituzte hotzik ez den garaian eta erreserbak biltzeko garairik izan ez dutenean?
Hemendik aurrerakoak ez dakizkigu. Momentuz bi urtaroen gainetik salto egin eta udaberrian gaudela dirudi. Euri eta epelak udaberriko loreak esnatu baititu eta erlerik ez da lokartu oraindik.