BALERDIPETIK

Ez al da erlezaina erlearen zaindari?

Inaxiorekin izandako elkarrizketa baten harira…

Erlea oso garrantzitsua dela esaten dugu behin eta berriz. Intsekturik polinizatzaileena dela, polinizaziorik gabe ez genituzkeela orain jaten ditugun barazki eta fruituen erdiak edukiko. Baina, hala ere, erlezainok beraiek eginiko lana kentzen diegu. Zergatik?

Erlezaintza esplotazioa al da? Erleen lanaz aprobetxatzen gara?

Erleak naturalki egiten duen prozesua da nektar, polen edo propoli bilketa, naturarekin sortutako hartu-eman bat. Landareek ernalketa gauzatzeko beharrezkoak dituzte erleak; ordainetan landareek elikagaia ematen diete. Batak bestearen beharra du.

Erlezain eta erleen artean bada hartu-emanik?

Lehen ere aipatu izan dugu gizakiok kalte handia eragin diogula naturari orokorrean eta erleari bereziki; errudun garela ingurumenean dagoen kutsaduran, gure lurra pozoitu dugula... Hala ere, erlea eta erlezainen artean hartu-eman bat badela esango genuke.

Erlezainok erlea zaintzen dugu, erlauntza osasuntsu egoteaz arduratzen gara, ez dezan inongo gaitzik izan, espezie inbaditzaileengatik babesten dugu, eta beste hainbat lan egiten ditugu. Askok horren atzean gure interesa dagoela diote, erlauntza osasuntsu egoten saiatzen garela, erleak ezti gehiago egin dezan, ondoren produktu kantitate gehiago kendu ahal izateko.

Ez gara konturatzen erlezainoi esker bizi direla gaur egun erleak eta erle horiei esker polinizazioa ematen dela. Norbaitek zaindu beharreko intsektua da erlea. Erlezainok pasatako denbora eta gastuak ordaintzeko, horren gustuko dugun intsektuari kendu behar izaten dizkiogu produktuak, zenbait kasutan esplotatzeraino.



Erlea manipulatzen dugu naturalki egingo dituen lanak azkartzeko, gizakiontzat onuragarriak diren produktuak eskuratzeko. Esplotazioen artean ere badira esplotatzeko modu ezberdinak, ez baita gauza bera esplotazio estentsiboa edo intentsiboa.

Erlezaintzan ere bietatik ikus daiteke, baina nekez ikusiko dugu erlezaintza intentsiboa inguruko erlezain txikietan. Erlezain txikiak beti saiatzen dira ahalik eta produktu onena ateratzen, erlearen osasuna kontuan hartuz. Azken batean, erle osasuntsuari esker lortuko baititu erlezainak kalitatezko produktuak.

Askok erleen produktuak oso gustukoak ditugu, osasunerako zein gastronomiarako.

Orain badakigu produktu horien atzean erlezaintza babesten dugula, erlea zainduko duen langilea. Babestu dezagun erlezaintza erlea zaindua izan dadin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!