BALERDIPETIK

Gerrateak pozoitutako lurrean

Erleen abaraska. BALERDIPEKO ERLEAK

Helikopteroa diruditen liztorrak entzuten ditut noizbehinka erlategian; handikeriaz, erlauntza atarira aurkezten dira erleen aurka, beraien tamaina eta gorputz indartsuarekin. Baina ez da bi espezieen arteko gerra; liztor beltza da gerra bila dabilena berea ez den lurraldea konkistatu nahian, erleak egunerokotasunean arazorik izango ez balu bezala, presionatuz.

Goizean lorez lore abiatzen den erlea etxera iristerako akabatzen dute liztorrek. Jada pasa dira urte batzuk gerratea hasi zela, liztorrek erlearen bizitza oztopatzen dutela… Erlezainok, lagundu nahi izanagatik ere, ez dugu deus egiterik gerrate hau gelditzeko.

Izurriteena ez da gai berria, egun asko pasatakoak baikara gure etxetako horma artean konfinaturik. Erleen kasuan ere badituzte izurriteak, eta baita itxialdiak ere. COVID-ik ez, barroa izeneko parasito bat da erlea ahultzen duena, erlauntzeko biztanle guztiei eraginez. Horri aurre egiteko, erregina espetxeratu behar izaten dugu, preso utziz, arrautzarik errun ez dezan. Akaroak ez du etorkizuneko erlerik topatuko bertan, ugaldu ahal izateko.



Gainontzeko erleak barroa-ren aurka tratamendu bidez —txertoa— desinfektatu beste aukerarik ez dagoela ikasi dugun arren, badaude naturalki izurriteari aurre egiteko moduak garatu dituzten erleak. Hor dugu erlezainok erlezain lana, erlea zainduz izurriteen gerratean.

Gurean, bertako erle euskaldun beltza da langilea, baina badira erlauntza eta erlategi asko beste herrialde batzuetako erleekin nahastuak. Zergatik nahastu diren gure erleak beste arrazekin? Interesagatik. Arraza nahasketek errendimendu handiagoa ekarriko zutela uste zen; baina denborak erakutsi digunez, bertakoa bezain erle langile eta osasuntsurik ez dago, bertan sortutako arraza delako.

Erleen errendimendua handitze aldera ekarri zituzten handiuste horien erruz, bertan ditugu beste herrialdeetako erleak; eta hori da oraingo gerratea: gure erle beltza beste herrialdeetako erleekin nahasteak, bertako arrazaren galera ekar bailezake.

 

Gure erle beltza beste herrialdeetako erleekin nahasteak, bertako arrazaren galera ekar bailezake



Argi geratu da gizakion interesa arazo handi bilakatu dela naturarentzat; interes ekonomikoa bereziki. Zenbat artasoro berde azken urte hauetan, edo eta zenbat hazkunde azkarreko landare… Jakingo bagenu zer kalte ekartzen dion horrek gure amalurrari! Interes horrek beste arazo asko dakartza katean erantsirik. Pestizidak nahiz ongarri kimikoak monolaborantza horiek indartzeko erabiltzen dira, eta gure lurra pozoitu dugu. Bertatik elikatzen gara, baita erleak ere.

Gerrateak pozoitutako lurrean erleak hiltzen ari dira, gu ere agian?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!