Kale Kantoitik

Azkena aurtengoz

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko eka. 30a, 15:00

Hauxe izango da ikasturte honetako nire azken saioa. Beraz, agur esatea dagokit. Badakit aurtengo gure lana berezia izan dela, koronabirusak hala nahi izan duelako eta itxialdiak ere horretara behartu gaituelako. Baina ahalegindu gara gure aletxoa eskaintzen egokitu zaigunean.

Orain, askatasunean gauden honetan, birus madarikatua hor dabil munduan zehar, triskantzak egiten eta hemendik ere ez da guztiz joan. Beraz, ibil gaitezen tentuz, zuhurtziak eskatzen dituen neurriak hartuz, ez gugatik bakarrik, ondokoengatik baizik, batez ere. Norbaiti entzun izan diot: “Ba... ni harrapatzen banau, pasatuko dut eta kitto!” Baina ez da hori kontua. Kontua da edonor harrapatuta ere ingurukoak kutsatzeko zorian jartzen ditugula, eta horien artean arriskuan leudekeen pertsonak. Kontua da osasun sistema inplikatzen dugula, posible baita harro samar dabilen hori zaintza berezien beharrean aurkitzea egunen batean eta ospitaleko hainbat pertsona eta errekurtso bereganatzea, erizain, garbitzaile, zeladore, sendagile, eta abarrak arriskuan jarriz. Gauza ez da hain sinplea eta hain arina. Zainduta ere nahiko lan izango dugu zulo beltz honetatik ateratzen, gertatu dena benetan zulo beltza baita, hildakoengatik, jendeak, familiak osasun sistemako langileek pasatu dituzten estutasun, neke, arrisku guztiengatik. Eta zulo beltza ekonomian eta familia askoren egoeran utzi duen arrakala edo leize izugarriagatik. Lanak izango ditugu hemendik ateratzen. Denok ahalegindu beharko dugu txikizio hau konpontzen. Eta nik norbait ikusiko banu egoera negargarri honi probetxua atera nahian, besteen kontura aberasteko ahaleginean, besteak miseria gorrian utzigatik bere patrika gizentzen, norbait hori zulo beltzean behera botatzeko kontzientziako kargarik ez nuke edukiko. 

Baina utz dezagun negarra eta utz dezagun karga negatibo guztia eta has gaitezen positiboan pentsatzen. Udan sartu gara eta lorentzo deunak ere berotu gaitu gogotik egun batzuetan. Har dezagun eguzkiaren argia eta energia pilak kargatzeko. Arnas dezagun gure basoetako eta itsas bazterreko aire garbia. Eros ditzagun gure inguruko dendetan eguneroko produktuak. Kontsumi dezagun bihotzak alaitzeko behar duguna gure herrietako taberna, denda eta jatetxeetan. Aktiba dezagun inguruko ekonomia gure ingurune hurbiletik hasita. Gure baserritarren eta ekoizleen barazki, janari, edari, esne, gazta, haragi eta ekoizpen naturalak eros ditzagun eta gure herria poliki-poliki mugitzen hasiko da. Denok denon beharra daukagu, beraz, gure bizkarrak ere arrima ditzagun auzolan jator eta eder honetara. Geroak eta gure ondorengoek eskertuko digute. “Une zail haietan zuen eskuak eskaini zenituzten herri hau altxatzeko. Eskerrik asko, zuei”, esango dute ondorengoek. Izan ere, ikastolak horrelaxe altxatu ziren herriaren borondatetik, euskara galzorian zegoen frankismoko garai zital haietan. Eta horrelaxe eraiki ziren kooperatibak, euskal prentsa eta irratiak, auzo elkarteak, udaleku euskaldunak, zientzia elkarteak, bertsolaritza, euskal kantagintza, kultur mugimenduak, antzerkigintza, arrauna, AEK eta hainbat eta hainbat herri mugimendu. Herri hau eredugarria izan da gauza askotan. Izan gaitezen une zail hauetan ere. Utz ditzagun txikikeriak albo batera eta elkarlanaren bidez altxa dezagun herri hau berriro.

Eta bukatzeko eta aurtengoz zuei agur esateko, guk udalekuetan abesten genuen abesti eder hartako hitzekin agurtu nahi zaituztet:  

Zergatik galdu itxaropen / berriz ikusteko

zergatik galdu itxaropen / berriz elkartzeko.

Bakarrik gero arte / bakarrik agur bat

oso laster sutondoan / elkartuko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!