Kaixo, covid-19a naiz, zuetako askok koronabirus izenarekin soilik ezagutuko nauzue eta halaxe da. Barkatu aurrez ez abisatzeagatik, baina ezin izan dut abisatu noiz iritsiko nintzen zuengana, zein formatan eta nolako indarrarekin.
Zergatik nagoen hemen? Bueno, esan dezagun aspertuta nengoela zuek elkar laguntzen ikusi beharrean elkar erasotzen ikusteaz, aspertuta nengoen itsasoa nola suntsitzen eta planeta hau nola tratatzen duzuen ikusteaz, elkarri nola hitz egiten diozuen, zuen abusuez, zuen biolentziaz, zuen guda ankerrez aspertuta nengoen, zuen pertsonarteko gatazka eta zuen aurreiritziez nazkaturik nengoen. Zuen inbidia sozialaz, zuen itxurakeriaz eta zuen egoismoaz nazkaturik nengoen. Nazkaturik nengoen zuen familiari eskaintzen diozuen denbora apurraz, zuen ezkontideari eta zuen seme-alabei eskaintzen diezuen arreta eskasaz eta zuen arinkeriaz eta axalkeriaz. Asperturik nengoen funtsezko ez diren gauzei ematen diezuen arretaz, beharrezko eta funtsezko direnei ematen diezuenaren kaltetan. Nazkatuta nengoen jantzi politenak edota smartmophone berrienak edota auto ederrenak erosteko zuen obsesio eta txorakeria horiekin. Aspertuta nengoen zuen ohitura, zuen desinformazio eta zuen artean komunikatzeko erabiltzen duzuen denbora eskasarekin. Aspertuta nengoen zuen betiko lamentazio eta kexuekin, bizimodua hobetzeko ezertxo ere egiten ez duzuenean. Nazkatuta nengoen zuek eztabaidan eta sesioan ikusten txepelkeri eta txikikeriengatik. Nazka-nazka eginda nengoen zuek gobernatzen zaituztenak beti elkarri mokoka ikusten eta askotan erabaki okerrak hartzen. Aspertuta nengoen jendea elkar iraintzen eta elkar hiltzen ikusten futbol partida ziztrin bategatik.
Badakit... gogorra izango naiz zuekin, agian gehiegi... Baina ez daukat begirunerik inorentzako, birus bat naiz... Nire ekintzak bizitzak ebakiko ditu... baina nahi dut zuek behingoz ulertzea norabidea aldatu behar duzuela... zuen onerako.
Helarazi nahi dizuedan mezua xumea da: “Bizi zareten gizarte honen muga guztiak agerian jarri nahi izan ditut, deusezta ditzazuen. Dena gerarazi nahi izan dut berariaz, uler dezazuen gauza garrantzitsu bat bakarra dagoela: bizitza, eta hemendik aurrera zuen indarrak horretara bideratu behar dituzuela. Zuena eta zuen seme-alabena... eta behar-beharrezkoa zen hori babestea, mimatzea eta partekatzea.
Ahal den itxienak eta isolatuenak mantendu nahi izan zaituztet, zuen gurasoengandik, aitona-amonengandik, seme-alabengandik eta bilobengan-dik urruti... uler dezazuen zeinen beharrezkoa den besarkada bat, gizakion arteko kontaktua, elkarrizketa... esku emate bat, gau bat lagunartean, ibilaldi bat jendartean, afari bat edozein jatetxetan edo parkean aire librean korrika egitea.
Ekintza xume hauetatik abiatu behar da dena, denok berdinak zarete, ez ezazue bereizketarik egin zuen artean. Nik demostratu dizuet distantziarik ez dagoela, oso denbora gutxian kilometro asko egin baititut zuek konturatu ere egin gabe. Ni aldi baterako nago hemen... baina oso denbora gutxian sortu dudan elkartasun eta elkarlan sentimendu honek betiko gelditu behar luke zuen artean.
Bizi itzazue zuen bizitzak ahal den modurik xumeenean, ibil zaitezte, arnasa hartu sakon, ongia egin, ongia zuengana biderkatuta itzuliko baita. Goza ezazue naturaz, egin gogoko duzuen hura eta oinarriak jarri ezeren mende bizi beharrik izan ez dezazuen. Ospatzen duzuenerako, ni joana izango naiz. Baina gogoan izan: ez zaitezte saiatu pertsona hobeak izaten nire presentzian bakarrik. Agur.
Jakintsu italiar anonimo handi baten hitzak, Internetetik hartuta eta egokituta.