Kale Kantoitik

Udaberria eta zomorrotxo nazkagarria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko mar. 23a, 19:58

Gaur ez dut zure izenik aipatuko, zomorrotxo nazkagarri. Zurekin gogaituta gauzkazu. Min handia eragin duzu dagoeneko eta nahiko zenuke gaurko saio hau ipuinetan bezala "Bazen behin..." eta zure izenarekin hastea. 

Baina EZ. Ez dut zure izenik aipatuko. Zuk ezkortasuna, beldurra, kezka amaigabea, asperdura ekarri baituzu. Eta udaberriak itxaropena dakarkigu, bizi berria, intsektu, lore, hegazti eta natura osoaren eklosioa. Eta edertasuna, Sandro Botticelliren Allegoria della Primavera edo Venusen Jaiotza koadroek bezala.

Udaberrian sartu gara eta asma dezagun urtaro alai honetaz gozatzen etxeko konfinamendu behartu honetatik. Urtaro honek ez daki zomorrotxo hiltzaileez eta barruko tristuraz. Udaberriak bakarrik daki natura jaio berriaz, hostoz eta lorez janzten diren landare, zuhaitz eta loreez. Udaberriak eskaintzen digu txorien txorrotxio alaia, enaren hegaldi akrobatikoa, hegazti handi eta txikien habia mota infinitoa: batzuk txiki, polit, goxo, artistikoak, beste batzuk handi, baldar eta zotzez egindakoak, baina denak hegaztikume maitagarrien jaiotetxe estimatuak. Udaberriak dakar baita ere intsektu, har, zomorro, kirkil, ipurtargi, tximeleta, mokotarro eta milaka izaki eder eta harrigarriren jaiotza. Badirudi gure amalur sufrituak, Patxamama eskuzabalak, urtero bere edertasun amaigabea agerian jartzen digula, miresten jakin dezagun, zain dezagun eta izaki guztiekin eta eman zaigun LUR planeta eder honekin bizitzen ikas dezagun.


Hauxe da gure planeta, hauxe da gure etxea, hauxe da gure amalurra; ikas dezagun bada behar bezala zaintzen, behar bezala maitatzen. Ez dezagula gure etxea eta gure bizitokia den planeta eder hau zaborrez, plastikoz eta hondakinez ito edo hil; ez dezagula metal astunez, pestizidaz eta olio zikinez pozoindu.


Ama Lurra bizirik daukagun bitartean udaberriak urtero oparituko digu lore koloreanitzen edertasuna, arkume eta antxume jaioberrien beeee nostalgikoa, kukuaren kuku-kuku desiratua, basoen berdetze zoragarria, ipurtargien argi fosforeszente txundigarria, hegazti, txori eta txorikumeen sinfonia alaia...


Eta gure zainetan ere odol berria hasiko da mugitzen, baikortasuna, poza, besteenganako enpatia ekarriko diguna. Udaberriaren biziberritze hau balia dezagun inguruan daukaguna apreziatzeko, maitatzeko, berarekin gozatzeko. Hainbeste gauza eder daukagu inguruan eta askotan ez gara jabetzen zeinen zortetsuak garen. Edozein gauzagatik marmarka aritzen gara, eskerrak emateko motiboak dauzkagunean. Alda dezagun bizitzaren ikuspegia. Ikus dezagun zenbat gauza on, eder, harrigarri daukagun gure inguruan. Jakin dezagun garai bateko Felix Rodriguez de la Fuentek bezala bizitza eta gure Ama Lurra estimatzen, maitatzen eta zaintzen. Umeek eta gaztetxoek ez dute jakingo zein zen gizon handi hura, baina duela berrogei urte inguru telebistako programa baten bitartez jendea aho-zabalik edukitzen zuen erakusten zituen irudi ederrengatik. El hombre y la Tierra zen programaren izena eta bertan natura, animalia basatiak, hegazti harrapariak, otsoa, munduko animalia exotikoak maitatzen eta hauen ingurumena zaintzen erakutsi zigun gizon berezi hark. Ekologista aurreratu bat izan zen, poliki-poliki zetorren hondamendia aurreikusi zuena. Alaskan hil zen hegazkin istripu batean, inuiten lera-lasterketa bat grabatzera joanda. Lasterketa horietan alaskan malamute, husky siberiarra, samoyedo eta Groenlandiako zakurrek hartzen dute parte. Animalien maitalea, zaindaria eta mireslea animalien lasterketa heroiko batean hil zen, Alaskako elur eta izotz amaigabeen artean. Goian bego, naturaren eta animalien maitalea, Felix Rodriguez de la Fuente!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!