Kale Kantoitik

Nora zoaz, irakaskuntza?

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko aza. 26a, 11:55

DBHko ikasle batzuen penalidadeak gertutik bizi izan ondoren, animatu naiz iritzi artikulu hau idaztera. Tolosan gertatutakoak ez direnez, hemen kontatzen direnak, libreago sentitu naiz gogoeta batzuk egiteko, baina inori minik emateko asmorik gabe.

Kasuetako bat da Lengua y Literatura Española asignaturari dagokiona. Institutuetara heltzen diren 12 urteko ikasle askoren gaztelaniaren nibela ez da nahi genukeen maila idealeraino iristen, bereziki herri txikietatik joaten direnen artean. Beraz, DBHko irakasleak bere balorazioak egin behar lituzke ikasleen maila errealaz eta Lengua eta Literatura Españolan lortu nahi duenaz. Hizkuntz konpetentzia egokia lortzen ahalegintzea bidezkoa iruditzen zait eta Literaturan autore nagusien ezagutza eta horiek interpretatzen hasteko ahaleginak egitea. Eta hizkuntzaren ezagutzari dagokionean komunikaziorako eta azalpenak modu egoki eta ulergarrian emateko konpetentziak jotzen ditut garrantzitsuenak gaurko mundu poliglota eta guztiz irekian.

Baina, hara, hizkuntzaren analisian topo egiten dugu grekeratik datozen hitz arraro hauekin: sintagma nominal y verbal; lexema y morfema; morfemas derivativos; morfema nominal y verbal... Hitz hauek denak Saussire eta hizkuntzalari estrukturalistek sortu zituzten, hizkuntzaren elementu txikienak ulertzeko eta sailkatzeko. Seguru asko kontzeptu hauek eman dituzte edota emango dituzte Euskara lantzerakoan ere; agian beste modu batera: hitzaren edo aditzaren erroa eta morfemak. Ulertzea ondo deritzot, baina txikikeria hauek denak memorizatzea eta analisi sintaktiko konplexu eta aspergarriak eginaraztea eta horiek jakintzaren eta notaren ardatz bihurtzea pasada bat iruditzen zait. Horiek linguista espezializatuentzako kontuak dira.

Baina okerragoa da oraindik, neuri bizitzea tokatu izan zaidan kasua. DBH 4ko ikasle bati Gustavo Adolfo Becquer-en Leyendas (edo ez dakit zein izenburu zuen ere liburuak) irakurtzen lagundu nion. Ehun orrialdetik gora, non ageri ziren El monte de las animas; Maese Perez, El organista; El rayo de luna; El Cristo de la calavera, La corza blanca... eta beste hamar-hamabost kondaira. Bere estilo txurrigeresko, anpuloso, hiper-realista eta hitz berezi eta zailez beteriko hori irakurri genuen. Saiatu nintzen irakurtzen genuena azaltzen. Istorioaren nondik norakoa ulerrarazten, Becquer-en deskribapen amaiezinak jasangarri egiten eta bere balore literarioak azaltzen, nahiz eta gaurko ikuspegitik pixka bat desfasatua egon. Etortzen da liburuari buruzko esamina eta zer uste duzue galdetu zuela irakasleak: Maese Perez zein ezizenekin ezagutzen zuten? Halako ipuinetako oreinak edo orkatzak zein kloretakoak ziren beltzak, marroiak edo zuriak? Beste ipuin batean zein zen azpititulua? Eta era horretako galderak, itxura batean, ikaslea tranpan harrapatzera doazenak. Baina neuk ere harrapatuko nuke irakaslea tranpan: ez dakizula zein den kapitulu bakoitzeko azken hitza? Harrapatu zaitut.

Saiatu partez idazlea gustatu zaion edo ez jakiten, eta zergatik, adibidez Maese Perezen kasuan nola maite zuen bere organoa eta zein sentsazio sortu zizkion haren irakurketak, zer sentitu zuen Maese Perez organo-jotzearen apoteosian hil zenean, edota Corza blanca ipuineko pertsonaia nor zen, zer iradokizun ekarri zizkion gogora, nolako deskribapenak egiten dituen Becquer-ek. Hori dena ikaslearengandik ateratzen saiatu partez, hori baita literatura, obra batek sortzen dizun zirrara, edertasunaren hunkipena edo emozioa, gauzak kontatzeko erabiltzen dituen baliabideak balioestea... Horren ordez, zein zen ezizena? Zenbat orein edo orkatz beltz, zuri edo marroi azaltzen dira? Non egiten zuten kaka? (hori ere galde zezakeen).

Oker goaz bide horretatik. Honek denak gogoeta serio bat piztuko ahal du irakaskuntza munduan dabiltzanen artean?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!