Beno, borondate onari edo enpatiari esker, euskara ulertzen duena ezin baita oztopo izan inor nahi ez duen hizkuntza batean hitz egitera behartzeko. Beharrezkoa denean eta gizalegeak hala eskatzen duenean, euskaldunok badakigu beste hizkuntza batean mintzatzen ere eta, tamalez, hori gehiegitan egin dugu gure ama euskararen kalterako. Bada garaia belarriprest gehiago azaltzen joateko gizartean, horiek gero ahobizi bihur daitezen Idenao japoniarra edo Koteto Ezkurra eta Eulate pilotariak bezala edo beste hainbat eta hainbat euskaldunberri bezala. Baina euskaraz hegan egiten hasi denari nik ez nioke euskaldunberri deituko, euskaldun baizik, berri edo zahar, euskaraz ari baita euskaldunon komunitatean integratuta. Eta beste asko eta asko hor ari dira ikasten, ahalegin izugarria egiten, euskararen jabe egiteko borondatez, baina oraindik hegan egitera ausartu ezinik. Juan Martinez de Irujoren euskararekiko begirunea miresten dut eta ziur naiz egunen batean salto egin eta hegan hasiko dela euskaraz. Beste asko bezala. Uler dezagun eta onar dezagun horien ahalegina eta ez gaitezen epaile gogor izan noizean behin hizkuntzari ostiko txiki batzuk ematen badizkiote. Badakizue euskal esaera zahar hura: “Eroriz ikasten da oinez”. Bada euskararen pausoak eman nahi dituen hasiberriak ere erorialdiak eta estropozoak izango ditu, baina esku bat bota diezaiogun goxo-goxo eta lagun diezaiogun pausoa zuzen ematen, baina epaitu gabe, burlarik egin gabe eta lotsarazi gabe, hori egiten badiogu, askoz gehiago kostako baitzaio euskaraz hegan egitea eta guk euskal txoria dugu maite. Ez diezazkiogula euskal hegoak moztu inori, horrela ez baita gehiago euskal txoria izango eta erdaraz jarraituko du hegan.
Eta zer esan ahobizi izan behar lukeen, baina aurreneko hitza beti erdaraz egiten duen horri buruz? Eta okerragoa dena ahobizi izan behar luketen eta utzikeriaz erdaraz aritzen diren horiei buruz? Bada oharkabean euskal komunitatea ahultzen ari direla, eta kalte izugarria egiten diotela gure arbasoek utzi ziguten altxor preziatuari, balio kalkulaezina duen gure hizkuntza zahar maiteari.
Inoiz ez da berandu eta gure kontzientziak esnatzen joaten bagara euskarak arnas berria hartuko du. Ez eduki konplexurik, gure euskara traketsa da, baldarra da... esanez. Euskara guztiak dira politak, goxoak, airosak, hasi Zuberoatik, pasa Behenafarrotik, Lapurditik, Nafarroa garaitik, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoaraino, eta harago oraindik euskal diasporaraino, munduko hainbat txokotan ere euskara gordetzen baita balio izugarrizko erlikia bailitzan.
Pozgarria da ikustea euskara gaur nola ari den iristen bere goien gradura, Bernat Etxeparek zioen modura. Eta duela berrogeita hamar urte pentsaezina izango zena gaur egia bihurtzen ari da: sendagileak eta erizainak euskaraz ari zaizkigu, eskolan eta unibertsitatean ikasketak euskaraz egin daitezke, zientzialariak, ikertzaileak, filosofoak euskaraz ari dira, lantegietan produkzio prozesu osoa ia euskaraz ematen ari dira (Elai lantegiaren kasua)... Badakit denek ez dutela euskara erabiltzen eta horietako asko oraindik ez direla gai euskaraz beren jarduna aurrera eramateko. Baina duela berrogeita hamar urteko ikuspegitik begiratuta aurrerapauso izugarriak eman dira. Orain pauso horiek sendotu, ugaritu , unibertsalizatu egin behar dira.
Eta beste pausotxo batzuk ere eman behar ditugu: euskal prentsa, komunikabideak, literatura, antzerkia, musika, dantzak, telebista, irratia, herrietako aldizkariak, ohiturak... kontsumitu, bultzatu, lagundu. Gurea dena mantendu, lehenetsi kanpotik datorkigunaren aurrean. Gogoan izan Durangoko Azoka pasatu berria dela eta han ere literatura, musika, liburuak, diskoak eta beste hainbat kultur produktu aurkeztuko zirela eta dendetan egongo direla salgai. Olentzerotarako ez litzateke txarra izango euskal produktu horiek eskuratzea, gure sortzaile eta artistei laguntzeko eta gure hizkuntza zaharrari esku bat botatzeko. Gure esku dago!