Kale Kantoitik

Filosofia, hiritartasuna, baloreak…

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2018ko ots. 19a, 18:44

Frantzian “baxoa” edo selektibitateko esamina egiteko modua aldatzera doaz eta hamar frogatatik laura jaitsiko dituztela entzun dut irratian. Horien artean bat filosofiari buruzkoa izango da. Filosofiako frogan jarri izan duten galderetako bat hauxe da nonbait: "Egiteko eskubidea daukadan guztia justua al da?"

Galdera honekin gazteak gogoeta egitera eta euren arrazonamendua garatzera bultzatu nahi dira, ondorio batzuetara iristeko arrazoitu eta iritzi ezberdinak elkarrekin lotu edo kontrastatu egin beharko baitituzte.
Hemen filosofia, pentsamendua, iritzi kritikoa, gauzen eta ideien analisia ez daude modan eta irakaskuntzatik baztertzen joan dira filosofia edo gogoeta egiten ikastea, hiritartasuna edo ciudadania deitzen zen asignatura, non gizarte orekatu eta demokratiko batean bizitzeko hiritar bat ulertzen da eskubide eta betebehar batzuen subjektu edo jabe dela, baina norbera bezala besteak ere eta gizartea eskubide eta betebehar horien jabe direla aldi berean. Beraz, hiritar baten eskubideak bukatuko dira beste baten eskubideak urratzen edo zapaltzen hasten zaren unean. Eta honekin guztiarekin lotuta doaz baloreak, giza-balore indibidualak eta kolektiboak, balore demokratikoak, pertsonalak, etabar.
Eta gaur egun hauek denak desagerrarazi egin nahi izan dituzte irakaskuntzatik eta ia-ia gizartetik ere bai. Eta ez hori bakarrik, orain PP hasi da esaten “Formación del Espíritu Nacional” frankista haren antzeko zerbait ezarri nahi duela irakaskuntzan: bandera eta himno nazionalaren (espainolaren, noski) balioa eta esanahia (adoktrinamendu hutsa), nazioaren eta armadaren eginkizuna eta zergatia erakutsi, koroaren eta erregearen figura goraipatu...
Bitartean, telebistan eta medioetan desinformatze eta tontotze sistematiko bat bultzatzen ari dira: Ana Rosa Quintana, Belen Esteban, Pakirrin, Jorge Javier Vazquez eta bere programa basura, futbol madrilzalea eta espainiako selekzio-zalea... eta horrelako milaka alienazio baliabide erabiltzen dituzte jendea ahal den tontoen mantentzeko eta gogoeta edo pentsamendu propiorik gabe edukitzeko. Ez dute nahi jendeak pentsatzen, gogoetak egiten eta arrazoitzen ikastea, pentsamendu kritikoa garatzea. Zenbat eta tontoago jendea orduan eta errazago manipulatuko dute.
Eta horrela goaz! Gauza larriak ikusten ari gara. Pentsamendu kritikorik gabeko jendea, giza-balorerik gabeko jendea, begirune edo errespetu txikienik gabeko jendea: Bilbo aldean adin txikiko gazteak ikusi ditugu bortxaketak egiten eta adineko jendea hiltzen (87 urteko aitona-amonak), klase politikoko hainbat eta hainbat goi-kargu eta ministro lapurreta izugarriak egiten denon diru-kutxatik, errege ohia bera Afrikako fauna akabatzera joana bere amorantearekin (denon diruarekin ordainduta), erregearen alaba eta suhia ere lapurreta kasuetan nahastuta eta epaituta, emakumeak gupidarik gabe erabiltzen edo hiltzen genero biolentzia kasu ugaritan... Eta gauza txikiagoetara etorriz, zahar bat edo emakume haurdun bat autobusean zutik ikusi eta inork ez dio tokirik uzten esertzeko, kaleetan txikizio izugarriak egiten dira, indarkeria bortitza erabiltzen da tabernetan edo festetan... Tolosako Iñauterietan bertan zenbat kexu egon dira bafle handi nazkagarri horiekin musika besteen belarriak lehertzeraino jarri izan delako gau eta egun, besteen atsedenerako eta lotarako eskubidea zapuztuz eta hankartetik pasatuz. Hau dena egingo al genuke gogoeta eta arrazonamendu kritiko gehixeago erabiliko bagenu?
Oraindik asko daukagu ikasteko, pentsatzeko eta gizarte zibilizatu eta orekatu bat bezala jokatzeko. Ea saiatzen garen gauza hauek denak ikasten eta praktira eramaten, inoiz ez baita berandu gauzak ondo egiten ikasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!