Niri urte berriak lankide baten mezu berezi bat ekarri zidan. Hauxe:
“Kaxa huts bat.
Ibaiaren gainazalean flotatzen duen kaxa huts bat;
ilargiari hozka egin eta irribarrea ateratzen diona;
tximeletak harrapatzeko ere balio duena.
Kaxa huts bat da 2018a.
Urte bakoitza opari bat da. Azukre-koxkor bat... gauaren erdian.”
Eta mezuaren misterio eta magia kutsuaz zipriztindurik erantzun hauxe irten zitzaidan:
“Dotorea olerkia! Saiatuko naiz ilargiari hozka egin eta irribarrea lapurtu dion kaxa misteriotsu hori ekintza onez betetzen, literatur kutsuz ere bai eta hortik aurrera eguneroko bizitzako ekintza xumeez: txoriei ogi apurrak bota, bereziki neguan, eguneroko ogia errezatu gabe izan dezaten; bilobei ahal diedan maitasun garbiena eskaini eta bizitzako bidezidorrak erakutsi, oihan malapartatu honetan gal ez daitezen; etxean uso izaten ahalegindu barruan dugun otso hori bezatuz; ingurukoei irribarrea eta zoriona eskaini neurri apalean bada ere, mutur beltzak eguraldia ere goibeldu egiten baitu; errekatxoen murmurioa pozjarioz entzun, kukuaren lehen "kukua" urduritasunez itxaron, ahal bada xox batzuk patrikan izanik, lehenengo tximeleten hegaldiak eta kilkerren sinfoniak arnasbetean dastatu, ipurtargien argi fosforeszente magikoa ekaineko gauetan bilatu (urtero topatzen ditut bosnaka edo seinaka etxetik gertu), ilargiari keinu egin laino artean ihesi somatzen dudanean, basoko zomorro, pizti, basajaun eta beste hainbat pertsonaien artean galduta ibili zuhaitzen izerdi berria sentituz udaberrian eta haien itzala udan, gure hizkuntza, kultura, ohitura, abesti eta gure herriaren imajinario aberatsa egunero arnasten, babesten eta ingurukoen artean hedatzen ahalegindu… Hainbeste gauza dauzkat egiteko… Eta martziano txikien trilogia bukatu, Arrikruzko nire galera eta panthera leo spelaearen aurkikuntza kontatu, istorio politak edo zirraragarriak idazten jarraitu…
Eta zu bezalako pertsona saiatuei animoak eman, inork beren lana aitortzen eta goraipatzen ez badie ere, jakin dezaten lan bikaina egiten ari direla eta zerbitzu paregabea eskaintzen, gure herriaren memoria geroan txertatuta gera dadin. Zer ez genuke emango orain I. mendeko edo V. mendeko euskaldunen memoriak txukun idatzita edukitzeagatik. Euskaldunon miraria izan da baserritarren eta artzainen memorian nola gorde diren hainbeste urtetan Tartalo, jentilak, laminak, Basajauna, Mari, Makilakixki eta beste hainbat eta hainbat leienda, mito, sinesmen, sineskera… Eskerrak Azkue, Joxe Miel Barandiaran, Satrustegi eta antzeko pertsona argiak izan diren, horiek denak desagertu baino lehen jasotzeko… Horregatik, mila esker, zuei ere, egiten ari zareten lan bikain, esker gutxiko baino balio izugarriko horrengatik.”
Eta hau dena idatzi ondoren konturatu naiz urte berrirako asmo onak ere ageri direla. Baina zenbat aldiz huts egiten dugun, bereziki eguneroko euskerarekin. Helduak beren artean erderaz jo ta ke eta umeak hurbildutakoan, euskaraz. Konturatu gabe, ume horiei esaten ari garela euskarak umeekin eta txakurrekin hitz egiteko bakarrik balio duela. Urte berrirako asmo berri sendoen artean eduki behar genuke, gure ohiturak aldatzea: ahal den guztietan helduok helduon artean euskaraz egitea, kaleko paisaia euskaldunagoa egitea, gure hizkuntzaren biziraupena jokoan baitago.
Asmo berri hau Euskal Herriko herri askotan praktikan jartzera dihoaztenez, guk ere ahalegintxoa egin dezagun gure arbasoen herri misteriotsu honek bere misterioan eta bere euskeran jarrai dezan.
URTE BERRI ON denoi eta ASMO BERRI ON!