Gutxi hitz egin denez koronabirusaren inguruan, nik (ere) gaiari helduko diot. Tamalez, medikuntzan edo biologian nire ezagutza oso mugatua denez, gaiari beste hari batetik tira diot. Ugari izan dira isolamenduari aurre egiteko bultzatutako ekimenak, hauetako asko sare sozialen bidez. Gatozen harira: telefono eta tabletak sutan dauzkagu eta, ondorioz, baterien erabilera handiagoa da. Hurrengo lerroetan bateria hauen bizitza nola luzatu azalduko dizuet, koronabirusaren albo kalteen artean gure telefonoen heriotza zenbatu ez dadin.
Erabili ezazu, ahal dela, telefonoa/tableta erosi zenuenean harekin zetorren kargagailua. Aparte erositako kargagailuen bat gertu izatea ondo dago ezustekorik baduzu, baina ahal den bakoitzean erabili berezkoa. Izan ere, bateria bakoitza baldintza zehatz batzuetan kargatzen da hobekien, eta beste kargagailu baten erabilerak gailua beste kondizio batzuetan kargatzea eragiten du.
EZ UTZI ERABAT DESKARGATZEN
Gutxi eta maiz. Sagardo kupel artean sarritan entzuten den esaldi honek gure gailuen kargak nola egin behar diren gogorarazteko ere balio du. Lehenik eta behin, ez utzi bateria erabat deskargatzen. Saiatu, nola edo ahala, telefonoa edota tableta ez itzaltzea bateriarik gabe geratu delako. Nire telefonoak abisua ematen dit %15-eko bateria geratzen zaionean, eta ziurrenik zuenak ere bai. Edozein kasutan, saiatu muga hau ez gainditzen. Kargei dagokionez, ez da beharrezkoa %100era kargatzea. Hartu tarteka kargatzeko ohitura. Eta, arren, ez iezaiozue telefonoa gau osoan zehar kargatzeko ohiturari eutsi. Telefono eta kameretako bateria zaharrek forma memoria deritzona zuten, eta karga laburregia eginez gero euren iraupena ere laburtzen zen, hasierako gaitasunera itzuli ezinik. Egungo Li-ion bateriekin hau ez da beharrezkoa.
Karga azkarra behar baduzue, jar ezazue telefonoa hegazkin moduan. Kargatzen duzuen bitartean lanean ari bada energia jaso heinean erabiliko du, eta orokorrean, denbora gehiago beharko du ondo kargatzeko. Horrek, gainera, telefonoa berotzea eragingo du, karga prozesuaz gain, gure bateriarentzat kaltegarriak diren bigarren mailako erreakzioak ahalbidetuz. Honi lotuta, telefonoa/tableta babeskiren batekin bilduta baduzue, atera ezazue bertatik gailua berotzen dela sumatzen baduzue. Bide batez, saiatu kargatzen ari den bitartean telefono edota tabletari eguzkiak bete-betean eman ez diezaion. Sutondoa ere ez da toki ona kargak egiteko.
Telefonoa eta tableta tarteka itzaltzea komeni da. Ez al zaizue sekula gertatu bateria ehuneko jakin bat duela itzali eta piztean beste ehuneko bat duela ikustea? Gure gailuek bateriaren egoera une oro irakurtzen duten txartel elektroniko bat daukate. Pixkana, irakurketa eta bateriaren egiazko egoera desfasatu daitezke. Telefonoa/tableta itzaltzean, txartel elektronikoari atsedena ematen diogu; eta, berrabiaraztean, itzali aurretik zuen aztoramena alde batera uzten du, irakurketa eraginkorrago bat egiten du.
Honenbestez, zaindu ezazue zuen telefonoa baina, batez ere, zaindu ezazue zuen burua. Zuengatik ez ezik, gogoratu aldamenekoen osasuna ere zuen ardurapean dagoela. Gera zaitezte etxean, arren!