(H)ari naizela, (H)ari naizela

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix'

Aritu naiz, eta aritu naiz; harian-harian; eta (H)ari naizela, (H)ari naizela, hor ikusten dut amaiera. Harrituko da bakarren bat, normala dela esango du besteren batek. 10 urte, 359 irratsaio eta ezin konta ahala elkarrizketatu, bertso-saio, grabazio, kilometro, kafe, barre, txiste txar, akats, errepikapen…

Eroriz ikasten omen da oinez. Ederki gogoratzen dut lehen irratsaioa: Iñigo Terradillos soinu-mahaian, Felix Irazustabarrena elkarrizketatuen aulkian, eta nire eskuarteko papera dardarka. Zein da tonu egokia? Zein euskara-erregistro egokia? Zenbateraino bideratu elkarrizketatuaren jarduna? Egin genuen lehen irratsaioa, egin genuen bigarrena, eta ohartzerako esan nion Iñigori bakarrik moldatzeko gai sentitzen nintzela.

(H)ari naizelak bazuen zentzua 2016an. (H)arituz loraldi betean zegoen, eta gazte haiek errepikagailua behar zuten; haien bertsoak ez ziren entzuten bertso-programa nazionaletan, eta 
(H)ari naizelak grabatu zituen, eta nahi zuenak entzun ahal izan ditu. Hernaniko zerbitzari lanak utzi, Amezketara bizitzera etorri, eta Jexux Murua eta Mikel Artola etorri zitzaizkidan irratsaioaren proposamenarekin. Nik garai hartan beti erantzuten nuena erantzun nien: «Nik ez dut neure burua horretarako gai ikusten, baina zuek nigan fedea baduzue, nik zuenean jarriko dut nire fedea». Eta horrela, irratsaioaren hezurdura osatu, eta uhinetara egin nuen salto.

10 urteotan izan dira garai errazak, baita zapatapean hartxintxarra nabaritzen nuenekoak ere. (H)arituztarrak sariketetan zebiltzanean erraza zen irratsaioak osatzea; baina apurka-apurka haiek adinean aurrera egin zuten, sariketa gutxiago zituzten, ondoren pandemia etorri zen, eta beti ez da erraza izan irratsaioari zentzua aurkitzea. Halere, ingurukoen laguntzari eta aholkuei esker, asmatu izan dut irratsaioa bideratzen.

Eta 10 urte beranduago, (H)arituz berriz ere loraldian da. Nire belaunaldiko gehienek oholtzak modu ofizialean utzi badituzte ere, atzetik etorri da belaunaldi berria, eta bertso gosez dira. Azken boladan gazte horien bozgorailu lana egiten saiatu naiz, eta zoragarria da hori; gehien betetzen nauena. Halere, ilusioa behar da, gogoa behar da: bertso-saioetara joan, grabatu, audioak txukundu, Xenpelar Dokumentazio Zentrora bidali eta irratsaioa grabatu. Eta lan horri zentzua ikusten badiot ere, azken boladan geroz eta gehiago kosta zait lan hori egitea.

 

«Beraz, '(H)ari naizela, (H)ari naizela', honaino iritsi naiz. [...] Itxaropena dut gazteen belaunaldi horretako norbaitek jarraituko duela, hartuko duela erreleboa»

Beraz, (H)ari naizela, (H)ari naizela, honaino iritsi naiz. Egindako bidea zoragarria izan da, eta eskerrak bidelagun guztioi. Itxaropena dut gazteen belaunaldi horretako norbaitek, edo horien inguruko norbaitek, jarraituko duela, hartuko duela erreleboa. Ni prest nago dakidana erakusteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!