2014ko ekainean egin zuen debuta profesionaletan. Segituan egin zuen gora: 2014ko Lau t’erdiko Promozio Txapelketa irabazi zuen, eta zorteak lagunduta —Urrutikoetxearen lesio bat medio—, 2015eko lehen mailako Binakako Txapelketa jokatu zuen Jon Ander Albisurekin batera. Finalerdietara iritsi zen lehen urte horretan, eta hurrengo urtean ere emaitza berbera lortu zuen bikote gipuzkoarrak —Iñakik finalerdietan hatza hautsi zuen Irujoren eta Barriolaren aurkako partidan—. Hirugarrenez jarri zuten bikote berbera 2017ko txapelketan, eta hirugarren partidan lesionatu eta txapelketa ia bertan behera utzi behar izan zuen. Lehen hiru urte horietan binakakoan moldatu zen ondoen; Lau t’erdian eta Buruz Buru zortzi onenen artean sartzea lortu zuen.
Lehen hiru urte horiek eta gero, enpresako lau aurrelari onenen arteko postu hori kolokan izan du urte luzez. 2018an ez zuen jokatu, Victor hobetsi zuen enpresak; eta 2019an Mariezkurrenarekin jokatu zuen azken honen lehen txapelketan, eta ozta-ozta geratu ziren finalerdietatik kanpora. 2020an Imazekin ligaxkan hirugarren egin zuen, baina play-offetan galdu zuten Olaizola II–Urrutikoetxea bikote txapeldunordearen aurka. 2021ean Arangurenekin jokatu zuen eta azkena geratu zen bikotea. Bitarte horretan kantxa osoan ezin izan zuen final-zortzirenetatik aurrera igaro eta kaiolan ez zuen final laurdenetako koska gainditu —bi aldiz sailkatu zen zortzi onenetan artean—; aldiz, Nafarroako Lau t’erdiko finalera iritsi zen, eta Altunak irabazi zion.
Ustekabean, ordea, Arangurenekin binakakoan emaitza txarra lortu, eta hurrengo Buruz Burukoan finalerako txartela lortu zuen, baina lesio larri batek galarazi zion 2021eko final hura jokatzea.
Hortik aurrera Iñakik oztopo askori egin behar izan die aurre: lesiotik bueltatu berritan Elordiren aurka ezin izan zuen kaiolako lehen partida irabazi; 2022ko Binakako Txapelketatik kanpo utzi zuten; Buruz Burukoan Jakak tanto batengatik irabazi zion final-laurdenetako ligaxkan. Bere postua kolokan ikusten zuen, eta kaiolan Elezkanoren aurkako lehen partida galdu zuen; 2023an berriz ere binakakotik kanpo geratu zen, eta kantxa osoan partida bakarrera Elezkano nagusitu zitzaion berriro.
Apurka-apurka estelarrak jokatzeari utzi zion, eta enpresatik bidaliko ote zuten zurrumurruak zabaldu ziren. 2023ko kaiolan bi tantogatik Peñaren aurka galdu zuen final-laurdenetan, baina 2024ko binakakoan txapelketan sartu zuten —Urrutikoetxea erretiratu ostean—, eta Imazekin finalerdietara iritsi zen, eta txapelketako pilotaririk onena izendatu zuten. Kantxa osoan finalerdietara sailkatu zen, eta Altunaren kontra galdu zuen. Lesio batek kaiolakoa nahi baino lehenago uztera behartu zuen; eta 2025eko binakakoan Jon Mariezkurrenarekin finalera iritsi zen, baita Buruz Burukoan ere. Bi finalak galdu zituen.
Azken kaiolakoa eta binakakoa ez ditu ondo jokatu, baina jokatzen ari den 2026ko Buruz Burukoan berriz ere finalera heldu da alegiarra.
«Orain, aldiz, bere postua ziurtatuta daukala ematen du, eta lasaitasun eta konfiantza horrek Iñakiri onena ematen uzten dio»
Hemen guztiek jokatzen dute, enpresa bateko laugarren postua oso garesti dago: Laso, Jaka, Peña, Urrutikoetxea… aurkari gogorrak izan ditu azken urteetan, baina Iñakik erakutsi du galtzekorik ez duenean arriskutsua dela. Ez du enpresaren konfiantzarik izan, eta zail da nork bere maila onena ematea hurrengo hilabete mordoa partida bakarrean jokatzen direnean. Orain, aldiz, bere postua ziurtatuta daukala ematen du, eta lasaitasun eta konfiantza horrek Iñakiri onena ematen uzten dio.
Aupa Iñaki, hauxe duk hire unea!!!