Oldarraldiak eta kristoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2025eko abenduaren 19a

Uztailean Tolosako elkarretaratzearen une bat, Uemak eta Galtzaundik deituta. N.R.A.

«Oldarraldi judizial» aipatu eta aipatu ari gara azken aldian, baina badakit nire inguruko askok oraindik ez dakitela oso ondo zertaz ari garen «oldarraldi judiziala» aipatzen dugunean.

Kontua da Euskal Herriko —eta munduko— eskualderik euskaldunenetakoan bizi arren, euskara jakin gabe bizi daitekeela gurean. Kontrara, gaur egunean Tolosaldean apenas dago 10 eta 80 urte bitartekoen artean gaztelerarik ez dakienik. Munduko eskualderik euskaldunenean, beraz, gazteleraz jakitea beharrezkoagoa da, nahiz eta kalean eta herritarron artean euskara nagusi izan.

Hori horrela izanik, nabarmena da gaztelera inposatu egiten zaigula; ez zaigu esaten, baina inposatzen zaigu. Gazteleraz jakitea betebeharra da, ez da zalantzan jartzen; aldiz, ulertu eta errespetatu egin behar da euskara ez dakien hori Orexan, Albizturren eta Amezketan. Munduko eskualderik euskaldunenean ere euskaraz ez dakien jendea badagoenez, euskara bermatzeko, euskara sustatzeko, euskara indartzeko… beharrezkoa da euskara blindatzea. Kontua zera da: euskara inposatzen ari garela esaten digute euskara blindatzen saiatzen garen bakoitzean. Eta norbaiti ahaztu bazaio ere, berriro esango dut: Tolosaldean ezin gara bizi gaztelera jakin gabe —hori bai, ez dute titulua eskatu beharrik; titulua eskatu gabe ere bai-baitakite gaztelera ikasiko dugula—.

Euskaraz ez dakien langileak eta haren sindikatuak epaitegietara eramaten dute euskara blindatzeko asmoz egindako hizkuntza-eskakizuna, VOXek eta PPk helegitea jartzen diete hainbat dekreturi; eta epaileak arrazoi ematen die Konstituzioa eskuan. Ziurrenik ez ziren denak otordu berean elkartuko, eta guztia ez zuten aurrez pentsatuko, baina garbi dago haizeak nondik jotzen duen ikusita, orain euskara babesteko edozeren aurka egiteko indarra sentitzen dutela askok. Orain oldartuta eta harroxko dabiltza!

Bada honetan guztian larria ez balitz barregura emango lidakeen kontu bat: lan egiteko eskubidea hizkuntza-eskubidea baino garrantzitsuagoa omen da. Harrapazan/k! Lan egiteko eskubidea diote. Niri gustatuko litzaidake DBHko irakasle izatea, baina CAP delako masterra egin gabe jai daukat; edo txikitatik gustatu izan zait suhiltzaile izatea, baina proba fisiko gogorrak egin beharra daude horretarako! Ez al da injustua? Ez al da diskriminatzailea fisikoki okerrago gaudenokiko? Edo, beste adibide bat: gaur egunean zenbat lanpostutan egin daiteke lan ordenagailuan ezer egiten jakin gabe? Analfabeto informatikoak ez al du administrazioan lan egiteko eskubiderik? Masterrak, tituluak, probak… lanpostuak eskatzen duen hori demostratu beharra dago, normala da; naturala esango dute batzuk. Baina hori bai, euskarazko titulua eskatzea gehiegi eskatzea da!

Hizkuntza zapaldu eta anormal batek baino ez du titulurik eskatzen. Zuek uste duzue Caceresen edo Torrejon de Ardozen gaztelerazko titulua eskatzen aritzen direla? Orduan zergatik eskatu Alegian eta Zizurkilen? Bada, euskararik eskatu ezean, eta guztiok gaztelera ikastera derrigortuta gaudenez, erdaldunek bertan gozo jarraitzen dutelako.

«Ez dira esatera ausartzen, baina beste eskubide baten jabe direla uste dute: euskara ez jakiteko eskubidearen jabe»

Izan ere, honen guztiaren atzean badago beste kontu bat. Ez dira esatera ausartzen, baina beste eskubide baten jabe direla uste dute: euskara ez jakiteko eskubidearen jabe. Eta, lagun maiteok, sentitzen dut esatea, baina ez! Ez da existitzen euskara ez jakiteko eskubiderik!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!