Bainan oraingotikan ez naiz eskapatzen

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2025eko urriaren 18a

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearen egoitza berriaren inaugurazioa, 2025eko apirilean. I.G.L.

2016ko apirilaren 21ean hasi nintzen Galtzaundin lanean, non sartzen nintzen jakin gabe. Oharkabean igaro dira bederatzi urte, eta nire bizitzako etapa eder bat izan da. Asko eman dit, baita kendu ere; baina leloak dioen bezala egiten duguna gara, eta ni, azken urteetan, Galtzaundik egin nau.

Galtzaundik utzi dio nire ogibide izateari, bai, baina ez nire grina-bide izateari, eta ez ahal dio utziko! Bertan jarraituko dut laguntzen, Amezketaren eta Galtzaundiren arteko zubi-lana egiten, eta boluntarioak behar dituztenean hortxe izango naiz lehen lerroan!

«Galtzaundik utzi dio nire ogibide izateari, bai, baina ez nire grina-bide izateari, eta ez ahal dio utziko!»

Atzera begiratzeko unea da hau. Non geunden 2016an? Galtzaundi ez zen Tolosaldekoa, eta horixe izan zen lehen urratsa. Ederki gogoratzen naiz 2016ko urte hasiera hartan eskualdeko hango eta hemengo elkarte gastronomikoetan egindako otorduez, eta otorduen ondorengo elkarrizketez. Galtzaundik eskualdekoa izan behar zuela esaten zuten batzuk, eta denborak arrazoia eman die!

Urrats asko eman dira erabaki horren ondoren: UEMAn, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean eskualdeko 28 herrietatik 15 ziren bertako kide 2016an, gaur egun, 23 dira. Horrez gain, eskualdeko bi euskaltegien eskaintza bateratu da, eta eskualdean dagoen euskalduntze beharrari hobeto erantzuten zaio; hezkuntzako euskararen mahaia ere sortu da, eta hamar ikastetxek hartzen dute bertan parte. Hori guztia, noski, euskara teknikariekin, UEMAren eta Galtzaundiren elkarlanari esker izan da; eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia ofizialki eratuko ahal da egunen batean!

Herriei eta herritarrei dagokienez, 2017tik abenduaren 3an Euskararen Eguneko ekintza bateratuak egin ohi dira eskualdeko ia herrien erdietan; Errigorako kaxak 20 herritan banatzen dira gaur egun; lau Euskaraldi antolatu ditugu; eta beste hainbat ekintza gauzatu eta bultzatu dira. Nik, batez ere, azken horien lana baloratzen dut, herrietako boluntarioen lana; Galtzaundiko bulegoan pentsatutakoa lurrera ekartzen dutenen ekiteko gogoa! Bejondeizuela!

Zoragarria da Galtzaundiren hogeita hamar eta piko urteetako katebegi bat izatea; eta, noski, jarraituko dut izaten, beste modu batera bada ere. Orain arte akuilua hartuta aritu naiz, orain itzain berriaren aginduei egingo diet men. Halere, dena ez da arrosaren lorea, arrosak bai baititu arantzak ere. Gauza asko egin ditugu bederatzi urte hauetan, baina harroen nagoen horretan egin dut erren! Herrietako euskaltzaleen mugimenduaren eta Galtzaundiren arteko harremana ez da nik nahiko nukeen bezain jarraitua izan. Egia da, zaila da hain herri txikietan talde egonkorrak mantentzea, baina arantza horrekin noa. Herrietako euskaltzaleek herrian bertan zerbait egin nahi badute, Galtzaundi haiei laguntzeko dago, eta nik nahiko nukeena baino gutxiago etorri zaizkigu herrietatik galdezka edo laguntza eske.

Beraz, amaitzeko, honakoa esan nahi dizuet: herrian euskararen inguruan zerbait egiteko asmoz bazabiltzate, jo Galtzaundira; izan laguntza eske, izan esperientziaren berri ematera. Euskararen aldeko eskualdeko gizarte mugimendua ez dago lanak jartzeko bakarrik; batez ere, herritarrei laguntzeko dago!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!