Testuinguru horretan, azken aldian behin baino gehiagotan entzun ditut gizonezkoen ahotik «bai, aurrekoan negar egin nian» eta antzeko hainbat esaldi.
Ez nau harritzen gizonek negar egiteak; nola harrituko nau ba, nik egiten dudan negar pilarekin! Harritu nauena izan da gizonezko horiek negar egin dutela adierazteko izan duten modua. Esateko modu horretan, lehenik eta behin ulertu nuena izan zen gizonezko horientzat ezohikoa dela negar egitea. Bestalde, bazegoen «zilegi izango da ba negar egitea!?» moduko adierazpenaren eta, aldi berean, onarpen beharraren arteko zer edo zer.
Ez da lehen aldia antzerako adierazpenek harritzen nautena. Badirudi gizonek negar egiten dutenean, ekintza edo gertakizun horrek pisu handiagoa hartzen duela, egoerari handitasuna emateko ere balio du «gizona negarrez ikusi nuen» esaldiak; badirudi gizon horrengan samurtasun izpi bat argitzen dela, sentsibilitate zantzu bat ikusten zaiola, behingoz.
Jaiotzean gizonezko horiek guztiek egingo zuten ba negar! Nik gerora ere halaxe segi izan dut, eta ez dut inoiz ezkutatu negarra jendaurrean baldin banago ere. Beti azaldu izan naiz zaurgarri edo bulnerable jendearen aurrean, eta ez dut horren lotsarik izan, inoiz. Egia da txikitan zenbait mutilen jo-puntu bilakatu nintzela, eta badakit nire negar-zotin jasak eragina izan zuela horretan; baina ez diot horregatik negar egiteari utzi, ez naiz ezkutatu.
Negar egitea asko kostatzen zaie zenbait gizoni, are gehiago kostatzen zaie jendaurrean egitea edo negar egin dutela aitortzea. Bada, gizonezko horiei denei besarkada bat eman nahi diet artikulu honen bidez. Bihoakizue besarkada estua eta luzea!
Noski baietz! Zilegi duk hik negar egitea, izango ez duk ba? Egin ezak negar gehiagotan, egin ezak negar premia sentitzen duan aldiro! Entzun ezak barrua, eta ez hitzak hire emozioak eta sentimenduak erreprimitu. Ireki iturri hori gehiagotan! Ez itxi kanila, utzi irekita. Eta ez iezaiok eman hainbeste garrantzi negar egiteari. Ez duk hainbesterako. Egin lasai negar, eta aitortu lasai negar egin duala. Ez eman tremendismo kutsua, hik negar egitea, sei urteko haur batek negar egitea bezain naturala baituk! Negar egiteak ez hau gutxiago egiten, ez daukak beti irmo eta sendo azaldu beharrik.
Iruditzen zait, gizonezko askoren bekatua dela auto-engainu hori; eta honezkero jakin beharko genuke alfonbrapean ez dela etxeko zikinkeria guztia kabitzen
Ez garamatza inora barruak eskatzen digun horri kasurik ez egiteak, sentimenduak erreprimitzeak, eta gure asegabetasunak edo insatisfazioak ez entzuteak. Ez dago ondo ingurukoei gezurra esatea eta engainatzea; baina okerragoa da nork bere burua engainatzea. Iruditzen zait, gizonezko askoren bekatua dela auto-engainu hori; eta honezkero jakin beharko genuke alfonbrapean ez dela etxeko zikinkeria guztia kabitzen.
Utz iezadak azken gauza bat esaten: gustura entzungo haut, gustura besarkatuko haut; hemen naukak behar duanean negar elkarrekin egiteko!