Nire izaeragatik eta nire lanagatik sarri tokatu izan zait ahalduntzea lantzea, eta lagungarri izan zitzaidan Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabeleren Trikua esnatu da liburuko pasarte bat. Horixe azaldu nahi dizuet gaurkoan.
Ahalduntzearen hiru etapez hitz egiten dute bi autoreek (egiazki, lau aipatzen dituzte, baina azkenak ahalduntzea gainditzen duenez, gaurkoan lehen hiruretan zentratuko gara):
Lehen urratsa ohartzea da, Eskisabelek eta Agirrek jakin-mina izatea diote. Min bat dagoela edo egon daitekeela ohartzea. Enpatia esango du besteren batek; bai, horixe. Ikustea, ohartzea, jabetzea badagoela min bat. Zu zeu izan zaitezke min hori jasaten duena, edo izan daiteke beste ezaugarri batzuk dituen beste pertsona bat.
Jende askok dauka enpatia gaitasun hori, eta jende askok egiten du bestearen sufrimenduarekin bat. Halere, sarritan, norbere sufrimendua nekezago ikusten da besteena baino. Ohikoa izaten da, defentsa mekanismoa ere izan ohi da itsu egotea, errealitatea ikusi nahi eza, zerbait mingarri edo kaltegarri dela.
Bigarren urratsa da begirada kritikoa izatea, eta aipatutako min hori bidegabea dela ohartzea; min hori sentitzea ez dela justua, ez dela naturala, ez dela zilegi.
Kontzientzia hori hartzea garrantzitsua da. Min bat zilegi ez dela sentitzea min hori desnaturalizatzeko, min hori ontzat hartzeari uzteko lehen urratsa baita. Halere, sarritan, hor geratzen gara. Badakigu injustiziak salatzen, badakigu seinalatzen; baina zapalkuntza egoera seinalatze hutsa ez da ahalduntzea.
«Hirugarren urratsa ahalduntzea da; eskubide urraketa horren eta sufrimendu horren aurrean erantzuteko erreminten jabe egitea»
Hirugarren urratsa ahalduntzea da; eskubide urraketa horren eta sufrimendu horren aurrean erantzuteko erreminten jabe egitea.
Bigarren etapatik hirugarrenera salto handia dago, eta denbora eta ahalegin asko eskatzen ditu. Gauza bat da jakitun izatea zapaldua, isilarazia edo aintzat hartu gabea zarela; eta, bestea, egoera horretan egonik ere natural jokatzea, ez txikitzea, ez kikiltzea, eta norberak nahi duen hori esatea edo egitea; barruak eskatzen duen moduan jokatzea.
Sarritan bigarren urratsean katigatzen gara, eta protesta horretan geratzen gara, geure buruari erremintak eman gabe, ahaldundu gabe. Nire inguruan euskaldun kontzientziatu asko ikusten dut hizkuntza eskubideez asko jakin arren, kafe bat euskaraz eskatzeko buruko minak puskatzen ibiltzen dena, gaztelera entzun orduko kikiltzen dena.
Bi gauza dira zapalkuntza identifikatzea, eta zapaldua izanik ere existitzea eta asertibitatez jokatzea.