Ederra da gaizki ohitzea!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2024ko aza. 15a, 07:57

Jokin Altuna lehian. J.A.

2016ko azaroaren 27tik urtero-urtero jokatu —eta ez jolastu— du Jokin Altunak kaiolako finala; eta zortzi urtez jarraian finalera sailkatu ondoren, aurten finalerdietan geratu da. San Martinen buelta honetan izaten dugu azoka Amezketan, eta, azken urteetan, azokaren data Jokinen finalek baldintzatu izan dute; baita aurten ere, Jokin finalera sailkatu zitekeela uste izanda, azaroaren 17an, igande honetarako antolatu baitugu azoka. Gaizki atera zaigu jokaldia.

Gaizki ohitu gaituk, Jokin! Oso gaizki! 2015etik ari da lehen mailan lehiatzen, eta 29 lehiaketa izan dira 10 urte horietan; bada, 15etan izan da finalean —zortzi lau eta erdian, bost kantxa osoan, eta bi binaka— eta zortzi aldiz izan da txapeldun —lau aldiz lau eta erdian, hiru aldiz kantxa osoan, eta behin binaka—. Eta San Fermin torneoko sei final jokatu ditu eta lau aldiz irabazi du; eta Masterseko bost ediziotatik lautan izan da finalean…

«Gaizki ohitu gaituk, Jokin! Oso gaizki! 2015etik ari da lehen mailan lehiatzen, eta 29 lehiaketa izan dira 10 urte horietan; bada, hamabostetan izan da finalean, eta zortzi aldiz izan da txapeldun»

Jokinek oso gaizki ohitu gaitu, baina, orokorrean Tolosaldeko pilotariek ohitu gaituzte gaizki. Txapelketa indibidualetan 12 pilotarirentzako egoten da lekua, binakakoan, 16entzako, eta, dagoeneko ez da albistea eskualdeko lauzpabost pilotarik jokatzea. Azken hamar urteetan finala sarri usaindu dute zenbait pilotarik:

Erik Jakak lau eta erdiko lau finalerdi jokatu ditu, eta 2020an finaleraino iritsi zen; San Ferminetan ere finala jokatu zuen iaz. Kantxa osoan bi aldiz iritsi da finalaurrekoak jokatzera, eta 2020an Jokini berari irabazita lortu zuen txapela. Binakakoan bi aldiz iritsi da finalerdietara.

Iñaki Artolak kantxa osoan bi aldiz jokatu du finalerdietan, eta 2021ean finalera sailkatzea lortu zuen, nahiz eta lesio batek finala jokatzea galarazi. Binakakoan hiru aldiz iritsi da finalerdietara, eta 2020ko Mastersa irabazi zuen Rezustarekin. Lau Eta Erdiko Txapelketa ofizialean ez, baina San Ferminetakoan 2019an lortu zuen finalera iristea.

Jon Ander Peñak binakako final bat jokatuta dauka, 2021ean, eta beste behin ere iritsi zen finalerdietara; aurtengo Mastersa irabazi du Zabaleta bizkartzainarekin. Lau eta erdikoan iaz iritsi zen finalerdietara, eta aurtengo San Fermin torneoa irabaztear izan zen, amezketarraren aurka 21 egin zituen.

Aurrelariekin bakarrik ez, atzelariekin ere gozatu dugu. Aurten, Martxel Iztueta gaztea Jokin Altunarekin batera finalista izan da Mastersean; eta iaz binakako txapelketa ofizialean Jokin Altunaren bizkartzaina izan zen Xabier Tolosa anoetarra, eta finala hatz puntekin ukitu zuten.

Ados, bai! Pilota da, kirol bat, ez besterik. Anarik dioen bezala «garrantzirik ez duten gauzen artean, garrantzi gehien dutenak, bihurtzen dituzula garrantzizkoenak». Ez dauka garrantzirik aurten finalera sailkatu ez izanak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!