Lurrean eseri, hankak gurutzatu, bizkarra paretaren kontra jarri —ni ere gazteena izana—, begiak itxi, eta isildu. Buruak hamar segundoan buelta gehiago ematen zituen, garbigailuak ordubetean baino. Orduan, buruko makinari zarata gutxiago ateratzeko eskatu, eta sabelean jartzen nuen nire arreta. Barruari esateko zuen guztia kontatzeko eskatzen nion. Barrua xuxurlaka hastearekin batera hasten zen buruko makina zarataka, berriro. «Et, et, et, orain ez duk hire txanda»; eta barruari begiratzen nion, berriro, begiak itxita —momentuz ez dut asmatu zein botoi sakatu buruko makina itzaltzeko—. Barruak momentuan sentitzen zuena kontatzen zidan: ipurdiak berotasuna transmititzen omen zion lurreko baldosak eguzkiaren beroa xurgatua zuelako; gerriak min-zurritxoen berri ematen omen zion; ezkerreko besoak azkurarena…
Horrelakoak ziren mezu batzuk; baina, tartean, baziren niretzako interesgarriagoak ere: beroak poroak irekitzeko beharra eragiten omen zidan azalean, eta horrek egonezina sortzen zidala, batean; bazkarian gehiegi jateagatik eztarriak korapiloa sentitzen zuela, hurrengoan; edota kirola egin izanaren asebetetasuna sentitzen zutela gorputz-adarrek eta larruazalak. Niregan azken horiek beste esanahi bat izan dute une horietan. Zuregan agian ez, eta normala da; baina, niregan, bai. Zergatik? Bada, sentsazio horiek pizten zutelako zerbait neure buruan. Ez ziren gorputzeko sentsazio soilak; zerbait gehiago baizik. Iraganean ere sentsazio hori izana nuen, eta ordukoa bizitzera ninderaman? Auskalo! Baina neure buruaganako nuen irudiaz zerbait esaten zidaten. Ezaugarri psikologikoren bat zuten sentsazioak ziren. Izan sentsazio gozoagoak, izan mikatzagoak, horien berri izan ostean, nire baitan halako onarpen batek estaltzen ninduen, eta lasaitu egiten nintzen.
«Barruari gauzak kontatzeko eskatzeak, nire ardatzera itzuli nau»
Sarritan gertatzen zait goizean gauza bat esan, eta arratsaldean kontrakoa egitea; eta are kontrakoagoa biharamunean. Egunerokoak hara eta hona narama, barruari entzun ezean. Barruari gauzak kontatzeko eskatzeak, nire ardatzera itzuli nau. Eta, horrela, ardiak urrunegi joan ez daitezen artzainak ardiak egunero txabolara gerturatzen dituen bezalaxe, barruak nire izaterik onenarekin bat egitera eraman nau behin eta berriz.
Modu horretan ere, goizetik arratserako hanka-sartzeekin jarraitu dut; baina aspaldian ez da izan biharamunekorik.