Denborak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2023ko abe. 11a, 07:58

Ehun urte igaro dira denbora erlatiboa dela esan zitzaigunetik; baina, oraindik, liluratuta kontenplatzen ditut denborak!

Goizero-goizero Abaltzisketatik Narrastokiko iturrira joan-etorria egiten dut; 06:30ak aldera abiatu, eta ordu eta laurden pasako paseoa. Bi urte beteko ditut aurki errutina berri hori neureganatu nuenetik, eta bi urte baino gehiago gaztetu naiz.

Batetik, geologia dago. Txindoki mendiaren magalean, egunero begiratzen diot harritzar handi horri, Larraizko aparkalekura iristen naizen bakoitzean. Batzuetan ikusten dut, besteetan lainoaren atzean ezkutatzen da. Mendeak eta mendeak, milaka eta milioika urtetako mugimendu txikiek egin dute Txindoki; guk antzeman ezin dugun, baina existitzen diren mugimendu horiek. Eternitatearen berri ematen dit geologiak.

Bestetik, berriz, fauna dago. Urte saioaren arabera, behiek, behorrek eta ardiek egiten didate konpainia. Haiek dute patxada haiek, egun osoa aurretik, presarik ez; egonean daudela ematen du, baina egunero hara eta hona dabiltza. Nire eguneroko estresagarriari pausa ezartzen diote animalien hausnarrek. Haiei begiratuta ohartzen naiz badela denboraren beste kontzeptu bat ere.

Azkenik, baina ez azken, floraren denbora dago. Aste batean zuhaitzetako adarrak soil daude, eta, hurrengoan, muina ernetzen hasi da. Denbora gutxiren buruan zuhaitzean hostoak agertzen hasten dira, eta ohartzerako zuhaitz guztia berdez josi ohi da. Udazkenean, antzera, astetik astera doaz hostoak kolorez aldatzen, lehortzen, erortzen; zuhaitzak soiltzen. Florak adierazten dit dena etengabeko mugimendua dela, eta zikloak daudela. Landarediak esaten dit astez aste denbora aurrera doala, eta iragandako denbora ez dela sekula itzuliko.

Ez dakit ba ote dakizun irakurle, martxoko 31 egunetan 53 minutu irabazten dizkio goizean eguzkiak ilunari; udazkenean, ordea, mantsoago iluntzen du, 30 minutu pasatxo hilabetero. Denboraren joanaz eguzkiak ere gauza asko esaten ditu; baina aldiro modu ezberdinean.

Tenperatura, haizea eta lainoa, berriz, sorginkeria dira. Astebetean apenas mugitzen da merkurioa, eta hurrena bi egunetan bi arropa gehiagorekin irten behar paseora. Atzo ilargiaren argitan, argirik piztu gabe egindako bidean, gaur argi guztiak piztuta ere, ezin 10 metro baino gehiago ikusi behe-lainoa dela-eta.

 

«Egunero leku berean, eta egunero da paisaia ezberdina. Diferentzia horiek guztiek eta hitzez adierazi ezin ditudan beste milaka ñabardurek altxarazten naute goizero-goizero seietan, gosaldu eta 06:30ak alderako Abaltzisketan egon nadin»



Egunero leku berean, eta egunero da paisaia ezberdina. Diferentzia horiek guztiek eta hitzez adierazi ezin ditudan beste milaka ñabardurek altxarazten naute goizero-goizero seietan, gosaldu eta 06:30ak alderako Abaltzisketan egon nadin.

Nahi duena azal bedi Abaltzisketako plazara, 06:30ean, astelehen goizean; asteartean ere bertan izango naiz; eta, okerrik ezean, baita asteazkenean ere; eta…

Erotuta nagoela esango duzue askok, ni inoiz baino biziago sentitzen naiz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!