Tropelaren aurrean etapa edo itzulia irabazi nahi duten taldeetako txirrindulariak jartzen dira abiadura bizkortuz; jarraian, tropelaren erdian, gainerako taldeetako txirrindulariak doaz; eta, azkenik, atzean joaten dira ezinean doazenak. Etaparen gogortasuna bider tropelaren aurrean doazen txirrindularien joak, kalkulu matematiko horrek erabakitzen du atzean doazen txirrindulariak noiz geratu tropeletik kanpora. Begien bistan ditut etapako lehen kilometroetan atzera geratu, eta gainerako kilometro guztiak sufrikario betean egiten dituzten txirrindularien irudiak; ez didate inbidiarik ematen.
«Nik argi daukat nire lekua: tropelean mantendu nahi dut, ahalik eta energia gutxien xahutuz»
Gainera, izaten da lasterketaren abiadura esponentzialki igotzen duen halako lehia bat ere: ia talde guztiek haien taldeko liderrak ondo kokatuta eraman nahi izaten dituzte, erorketa saihestu nahian. Beldur hori, erortzeko edo atzera geratzeko beldur hori da etaparen abiadura azkartzen duena. Etapa guztian mantendu behar erorketa saihesteko eta atzean moztuta ez geratzeko postua. Baina gauzak zer diren, lehia horrek berak biderkatzen ditu erorikoak izateko arriskuak.
Postu ona lortzea, lehiakorra izatea. Horiexek dira politikarien ahotik behin eta berriz entzuten ditugun hitzak. Sarean ikusgarritasuna lortzeko egunean hamar publikazio egiteko esango dizu komunikazio-aholkulariak, kuadrillan atzera ez geratzeko ez dakit zein aplikazio jaitsi duela esango dizu herritarrak; eta horrek berak azkartzen du gizartearen abiadura.
Garapenak abiadura azkartzen du, eta ez dut uste tropelean azkarrago joateko moduan gaudenik. Kontua da etapa gogorra dela 2020. hamarkada, ez zaigu etapa laua egokitu; eta, gainera, bero handia iragarri dute, eta taldeetako autoak ez daude urez eta elikagai energetikoz ondo hornituta. Etapa honetan, beraz, nik argi daukat nire postua. Ez naiz ari kilometro guztietan itsu-itsuan postu on bat lortzeko saiakeran, tropelaren erdian noa, edo atzeraxeago agian; eta nire ingurukoei esaten ari natzaie gure aurka doala erorketa bat saihesteko tropelaren aurrean kokatuta joateko ahalegin antzu hori.
Begiratu atzera! Begira iezaiezu tropeletik atzera geratzen ari diren txirrindulari horiei! Laguntasunean oinarritzen bagara, ezinezkoa da tropelean postu bat aurrera egiteko abiadura azkartzen saiatzea. Are gehiago, bada garaia tropelak abiadura jaitsi dezan! Ez erortzekotan abiadura moteltzeko garaia da, ez dauka-eta etenik tropelaren lehen postuak hartzeko lehia honek.
Nik argi daukat nire lekua: tropelean mantendu nahi dut, ahalik eta energia gutxien xahutuz. Badakigu non bizi garen, eta ziur naiz antolatzaileek espero ez dugun penditzen bat sartu dutela ikuskizuna emateko asmoz.