Sutara

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2023ko eka. 23a, 11:00

San Joan bezpera. Sutara zer bota erabakitzeko eguna! Eta ni ere ibili naiz bada horretaz pentsatzen.

Lehen kolpean, munduko desgraziak etorri zitzaizkidan: goseteak, gerrak, lehorteak…; ondoren, berriz, jendearen inbidia, eraman ezina, amorrua…; halere, ez dago nire esku desgraziak ez gertatzea, ezta inguruko jendearen aldartea ere; eta, beraz, horiek ezin bada sutara nik bota!

«Hire esku zer zagok ba, felix?» galdetu nion, segidan, neure buruari; eta, halabeharrez, neure buruari begira jarri nintzen, sakonki. Segituan hasi nintzen niregan aldatu nahiko nituzkeenak zerrendatzen: iluntzeetako nekea, sarritan barruak jaten dizkidan amorrua, animaliei diedan beldurra, nahi eta ezinak sortzen didan egonezina…

Erabaki nuen. Niregan aldatu nahi nituen hiru ezaugarri nagusiak idatzi nituen orri batean. Hurrengo eguna ere iritsi zen, eta garbi ikusi nuen egunean zehar harrapatu nindutela bezperan idatzitako hiru ezaugarri horiek, ohera joan aurretik egunaren errepasoa egiten hasi nintzenean. Horretaz ohartzean neure buruarekin haserretu nintzen, eta «bihar ez, bihar ez nauk bada tranpa horietan eroriko!», esan nion neure buruari; baina, biharamunean ere, bezperako lepotik burua. Nire barrua aztertzen hasi nintzen segidan, eta ohartu nintzen kalte egiten zidala neure burua epaitze hutsak, ez onartzeak nireak direla aldatu nahi ditudan ezaugarri horiek. Ez dut neure burua den bezala onartzen, eta horixe bera zen une hartantxe kalterik handiena eragiten zidana; zerrendatu nituen hiru ezaugarri horiek baino min handiagoa eragiten zidan neure burua den bezala ez onartzeak.

Bota nuen zakarretara aurreko orria, eta neure burua epaitzeko dudan joera idatzi nuen sutara botatzeko prestatutako paperean. Hortik hiru egunetara ohartu nintzen neure burua epaitzen jarraitzen nuela, eta ez ninduen bada lasai uzten neure burua epaitu nahi eza ez kontrolatzeak ere! Zer arraio!!!

Hurrengo iluntzean etxera heldu, afaldu, hurrengo egunerako gauzak prest utzi, eta eseri nintzen sofan. Barrua ernegatuta nabari nuen. Neure buruari ernegu hori bizitzen utzi nion, epaitu gabe. Ondoren, barrua lasaitzen hasi zen. Arnasketa batzuk egin, eta irribarrea piztu zitzaidan. Nire barruarekin elkarrizketa zintzoa izan nuen, eta garbi neukan onura egin zidala neure burua goxo hartzeak, zen bezala onartzeak, haren ernegu eta guzti.

 

«Nirea ez den ezer ezin dut sutara bota; eta nirea den horrexek egiten nau ni, onerako zein txarrerako»

 

Aurten, beraz, ez dut sutara ezer botako! Aurtengoa ez da sutara ezer botatzeko urtea! Nirea ez den ezer ezin dut sutara bota; eta nirea den horrexek egiten nau ni, onerako zein txarrerako! Paradoxa dirudien arren, niregan gustatzen ez zaizkidan ezaugarriak onartzen ditudanean, orduantxe desagertzen dira ezaugarri horiek.

Gaur gauean San Martingo suaren epelera joango naiz bada; baina ez sutara ezer botatzeko asmotan, su-epeletan nire barrua goxatzera baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!