Ahitzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2023ko mar. 11a, 07:58

Heriotzari buruz maiz pentsatzen dut azken aldian; bueno, heriotzaz, edo gizakiaren ahitze prozesuaz.

Ez dakit zergatik ari den gai hori geroz eta maizago nire ganbara bisitatzen: baliteke irakurri ditudan azken bi liburuengatik izatea —Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea eta Maixa Zugastiren Atarian, portzierto, irakurri beharrekoak biak ala biak—; izan daiteke zientifikoki zelulak gaztetzea posible dela sarriago entzuten ari naizelako; akaso nire 33 urteek daukate zerikusia —gizakiaren hazkuntza 30 urtera bitartekoa da eta hortik aurrera dekadentzian sartzen gara, filosofiako irakasle batek esaten zigunez—; beharbada, gurasoak adinean apurka aurrera doazela ikusteak narama pentsamendu horiek buruan maizago izatera; edo, batek daki, agian lagun gehienak guraso direla ikustea da horren guztiaren erruduna.

Inor ez da betiko —ez al da izango!—, eta, beraz, zilegi da bakoitzak nolako makaltze prozesua nahi duen galdetzea. Nik, behintzat, maiz egiten diot galdera hori neure buruari azken boladan; eta erantzunak izaten hasi naiz, dagoeneko —edo, behingoz ote da?—.

Bidaia hasi egiten da, eta amaitu ere bai. Kolpean amaitzea nahi izaten dute batzuk, badoazela apurka ohartuz joatea besteek; eta ni bigarren horietakoa naiz. Naturala da zahartzen joatea; nola denborarekin kotxeak zarata gehiago, hala gure mugimenduak baldarrago. Eta kotxeari denborarekin piezak maizago aldatu behar izaten zaizkion eran, gure organoek ere denborarekin ez dute hain ondo funtzionatzen.

 

«Inor ez da betiko —ez al da izango!—, eta, beraz, zilegi da bakoitzak nolako makaltze prozesua nahi duen galdetzea»

 

Garai batean, nire ametsa zen —obsesio hitza erabili beharko nuke agian— ahalik eta ondoen egotea ahalik eta denborarik luzeenean; gaur egun, ordea, beste bat gehiago izatearekin konformatzen naiz. Ez dut 80 urterekin Txindokira joatea eskatzen, nire hanken gainean eta barandaren laguntzarekin eskailerak igotzearekin gustura; eta bastoia edo beso gazteagoa beharko banu, ez dut uste txarrera hartuko nukeenik.

Nire gorputza, apurka, dohainak galtzen nola ari den nabaritu nahi dut; nire edertasuna —inoiz izan badut, noski— galtzen nola ari naizen ikusi; gaztetako grina apaltzen sentitu. Naturala horixe da, apurka itzaltzen joatea. Bizitzaren fase bakoitza bizitzeko da, eta orain artekoak hobeto edo okerrago bizi izan baditut ere, hemendik aurrerakoak dagozkion bezala bizi nahi ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!