Gaia

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2022ko urriaren 10a

Imanol Artola `felix`gai-jartzaile lanetan Getxoko saioan. BERTSOZALE ELKARTEA

Igogailuan ezezagun batekin elkartzen garenean hizketa-gaia falta izaten zaigu, sarritan; baita aspaldiko ezagun batekin kalean elkartu eta hitz egitera behartuak sentitzen garen hainbat momentutan ere; edo lana dela-eta baino ezagutzen ez dugun batekin, lantokiz kanpo, kortesiazko elkarrizketa daukagunean. Lagun batekin elkartzen garenean, berriz, ez da inoiz hizketa-gairik falta ohi; are gehiago, agurtu eta etxera bidean ohartzen gara harekin landu nahi genituen hiru gai ez ditugula aipatu ere egin.

Beraz, galdera da: Hizketa-gaiak asko edo gutxi dira? Zertaz hitz egin daiteke pertsona batekin? Zenbat hizketa-gai existitzen dira? 100? 1.000? 10.000? 1.000.000?

Antzekoa gertatzen zaigu gai-jartzaileoi. Guk hizketa-gaiak ez, bertso-gaiak behar izaten ditugu. Zenbat? Bada Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen fasean 96; finalerdietako lehen itzulian, berriz, 52; finalerdietako bigarren itzulian 33; eta finalean, azkenik, 41. Guztira 222 gai behar ditugu. Asko al dira? Munduan ba al daude 222 gai? Batzuk baietz esango dute; besteek, berriz, lepoa apur bat biratuz begiekin esfortzu-keinua egingo dute.

Ziurrenik munduari erreparatuz, aisa aurkituko ditugu 222 gai; halere, besterik da gai horiek bertso-gai ote diren. Gai guztiak ere ez dira hizketa-gai egokiak izaten, ezta? Tira, lagunarekin agian gehienak bai; baina igogailuan goazenean?

 

«Antzekoa gertatzen zaigu gai-jartzaileoi. Guk hizketa-gaiak ez, bertso-gaiak behar izaten ditugu. Zenbat? [...] Guztira 222 gai behar ditugu. Asko al dira? Munduan ba al daude 222 gai?»



Antzerakoa gertatzen zaigu gai-jartzaileoi. Nahikoa erraza da gaiak jartzea bertsolariak ezagunak direnean eta haien arteko harremanaz zerbait dakigunean; kontrakoa da, ordea, txapelketa: ez dakigu zein bertsolarik kantatu beharko duten bertso-gai hori abiapuntu hartuta. 222 hizketa-gai ba al daude igogailuan goazenerako? Agian, ez. 222 bertso-gai ba al daude bertsolari anonimoentzako? Ziurrenik, bai.

Halere, kontua ez da hor amaitzen. Gaien artean desberdintasun handirik ere ezin egongo da ba! Beraz, antzeko zailtasuna daukaten gai-multzoak egin behar izaten ditugu 222 gai horien artean. Ba al daude hainbeste gai? Beharbada, bai.

Eta irakurleren batek esango du orain: zutabe bat idazteko ez al zegoen beste gairik, edo zutabe-gairik? Bada, noski baietz!!! Baina une honetan nire sormena duela bi hilabeteko, abuztu hasierako mendiko iturrien antzera dago: aldian behin baino ez da erortzen tantoren bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!