Gazte izateaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2022ko eka. 18a, 19:58

Oharra: testu hau ez beza irakurri Sobietar Batasuna ezagutu zuenak, are gutxiago Frankismoa ezagutu zuenak; mina hartzeko ere!

Bakoitza bere zoroak darabil, eta azken aldian badaukat galdera-obsesio txiki bat: oraindik gaztea naiz, edo dagoeneko utzi diot gazte izateari? Azkar ustekoren batek esango dit hori norbere aldartearen araberakoa dela. Baina, ea, jakin behar dudana zera da: gazteak bezala jokatzen jarrai dezaket, edo bada nik ere helduen gauzak egiten hasteko garaia?

Egia esatera, badakit jada ez naizela gaztea; baina ispiluari aurrez aurre begiratu beharrean, nahiago dut ez ikusiarena egin, «bai, felix, gaztea haiz» entzun arte. Orain hori da nahi dudana. Bai. Baina inork nahi dudana belarri ertzera esango balit, beste behar bat sortuko litzaidake erraietan: esan didana sinestea; eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Ez gaitezen engaina: Jesukristoren adinean gaudenok gertuago gaude 47 urteko baten kezketatik, 18 urteko batenetik baino!

Gaztetasunak daukan balio erantsiak botaka egiteko gogoa ematen dit. Gaur egun, gaizki ikusita dago gorputzari bere horretan zahartzen uztea. Direnak eta ez direnak egiten ditu jendeak gazte-itxura mantentzeko. Baina zahartzerako hil nahi al dugu bada?

«George Bernard Shaw idazle irlandarrak zioen gaztetasuna denborarekin sendatzen den gaixotasuna dela, eta esaldi horren apologia da testu hau!»

George Bernard Shaw idazle irlandarrak zioen gaztetasuna denborarekin sendatzen den gaixotasuna dela, eta esaldi horren apologia da testu hau! Ez noa gazteen aurka, ez. Baina bai ajeak biharamuneko eguna baino gehiago iraun arren gazte-usteko direnen aurka.

Eta horrekin ez dut esan nahi aurten parrandarik egingo ez dudanik, aurtengo udan makina bat bazter nahastekoa naiz; baina 16 urteko batek zahar bati bezala begiratzen didanean, bada ezin esango dut tabernak txiki-parka ematen duenik. Besterik gabe, ni naiz tokiz kanpo dagoena. Gaztea ez izateak ez du esan nahi heriotzaren hatsa sumatzen hasi naizenik; baina ez ditzadan gazteak haur bilakatu ni gazte sentitzeko!

Eta lehen galderari neronek erantzungo diot. Gaztetasunari muga zehatz bat ezartzekotan, duela gutxi Maider Arregik kantatuarekin geratzen naiz: gaztea izateari uzten diogu «hipotekan pentsatzen/ hasten garenean».

P.D: Ez dut sasiari su emateko asmorik, baina horixe da dagoena!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!