…eta (h)ari, eta (h)ari

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2022ko api. 29a, 20:58

Gaur da Gipuzkoako Bertsolarien Eskolarteko Txapelketaren finala; eta bertan, besteren artean, kantuan ariko dira Jon Mendiluze irurarra eta Danel Etxeberria tolosarra. Bi horiek lortu dute finalera heltzea, baina bihoazkie animorik eta zorionik beroenak Aneri, Beñati, Aratzi, Izarri eta Maleni ere.

Aurtengo txapelketan hamazazpi bertsolarik hartu dute parte, eta zazpi Tolosaldekoak dira; zerbait esan nahi du horrek! Eta ari, eta segi; eta hari, eta honi; eta hari, eta orratz… lana, taldetasuna eta norabidea.

Iragan apirilaren 8an, Izarren, Malenen eta Danelen gai-jartzaile izan nintzen Lizartzako Txirrita elkartean izan zen kanporaketan. Gazteak bezain urduri egon nintzen saioaren aurreko minutuetan; behin bertsolarien agurrak entzundakoan, ordea, gozamenak hartu zion gaina nire urduritasunari. Ederra izan zen mahaia gazte horiekin partekatzea, bai horixe!

Nik gozatu egin nuen, baina bertsolari guztiek ez zuten gauza berbera esan saioa amaitzean: urduritasuna, presioa, ardura, hankarik sartu nahi eza…

«Gaurkoan zorterik onena opa diet Joni eta Daneli; baina batez ere esan nahi diet (h)arituztarrok beso zabalik hartuko ditugula egiten dutena egiten dutela ere»

Eta zer nahi duzue ba esatea? Presio hori ez sentitzeko esan nahiko nieke, berdin diola gaizki edo ondo egiteak, berdin-berdin maiteko ditugula, ez ditugula orain bakarrik utziko, bertsolaritza finalera sailkatzea baino askoz gehiago dela; bertsolaritza, batez ere, finalaz kanpoko beste guztia dela; eta are gehiago, lehiaz kanpoko beste guztia dela. Izan ere, norbaitek zerbait ondo egiten duenean segituan jasotzen ditu zorion mezuak, bat-batean mundu guztiarentzako existitzen da; baina berriz lehengo markara iristen ez bada, eta ez baditu aurreko zorion mezuak jasotzen, ez ote du pentsatuko huts egin duela? Edo are okerrago: ingurukoei huts egin diela? Huts egin digula?

(H)arituz zerbait baldin bada bertsoarekin ondo pasatzeko gunea da, eta joan den apirilaren 13an, Alegiako tabernetan barrena egin genuen bertso-eskola irekia horren lekuko: 14 urteko gazteak, oholtzan urteetako esperientzia dutenak, aurten bertso-eskolan hasitakoak, inoiz oholtzarik zapaldu gabeak… denak elkarrekin bertsotan, bakoitzaren mailari jaramonik egin gabe; eta, ondoren, denok elkarrekin afaltzera! Gaurko finala ederra izango da, noski; baina ni gehiago bete ninduen apirilaren 13 hartan bizitakoak eta ikusitakoak.

Gaurkorako zorterik onena opa diet Joni eta Daneli; baina batez ere esan nahi diet (h)arituztarrok beso zabalik hartuko ditugula egiten dutena egiten dutela ere; guregatik behintzat ez ezazue presiorik sentitu; eta jaso ezazue gu guztion, baina, batez ere, zuen bertso-eskolako kideen babesa.

Malen, Izar, Oibar, Ane eta Aratz zorionak eta eskerrik asko beste behin; eta Jon eta Danel zorterik onena!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!