Bidaiatzearen zentzugabetasunaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2019ko azaroaren 3a

Gain-baloratuta dago norberaren esperientzia. «Norbere begiekin ikusi» edota «esperientzia ahaztezin bat bizitzea» bizitzaren helburu nagusi bihurtu da. Bizitzan behin behintzat bisitatu beharreko tokiak.

Baina, zergatik eta zertarako bizi behar ditugu gauza guztiak? Ze paranoia sartu zaigu? Hain garrantzitsua al da Afrikako tribu hori zure begiekin ikustea? 8.000ko bat zure oin azpian izatea? Tibeteko tenpluko parafernalia ikustea?

Momentu atsegin bat bizitzeaz gain, zein ekarpen egin dizu? Pertsona hobea al zara harrezkero? Metamorfosia? Oporretatik (ustez) aldatuta etorri den lagunen gehiengoa, lehengoa zen hilabeteren buruan. Ados: han zer pentsatua emango zion gosea ikusteak, bakardadea bizitzeak, gutxirekin asko egin daitekeela ikusteak... baina, hona etorri eta hilabeterako lehen bezalakoak dira, gehienak.

Askok diote: «Baina, ikusi egin behar da han...». Zertarako ikusi nahi duzu, hemen ez baduzu gero aplikatzen? Badakizula esateko? Uste al duzu, han bizi izan duzuna bizitzeko modu bakarra bertara joatea dela? Uste al duzu ni hemen ezin naizela ondorio horietara heldu?

Eta, zein eragin du besteengan? Besteek zu han ikusteak? Zer erreproduzitzen duzu leku (ustez) exotiko horretara joanda? Beraiek nola bizi diren ikusi nahi duzu, baina beraiek ikusi nahi al zaituzte han? Zu zoaz hara, beraiek ez datoz hona.

Munduko aniztasuna gustatzen zaigu. Baina, mendebaldekoon presentziak aniztasuna ezabatzea dakar. Gure logika ari gara beraiei sartzen.

Zergatik ez diegu gauzei berez izaten uzten? Guk ikusi beharrik gabe. Ikusi gabeko, baina sumatzen den aniztasuna, ez al da ikusitakoa bezain polita, edo politagoa?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!