Zein da proiektatzen dudan irudia?

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2019ko uzt. 14a, 05:59

Guk egiten dugun horretan, belaunaldi gazteagoek ere, jarraitzea izaten da askoren helburua. Eta «nik egiten dudanez, gazteagoek zergatik ez?» pentsatzen dugu.

Exijitu ere egiten dugu kasik eta egiten ez badute «gure garaian...» eta «gaur egungo gazteek...» hasten diren esaldiekin kritikatzen ditugu.

Baina, zergatik uste dut: «Nik egiten dudalako ondorengoek ere egingo dutela?» Nik egiten dudalako jada hori egiteko gogoa eta grina transmititzen al ditut? Edo guztiz kontrakoa?

Egiten ari garen momentuan, zein da proiektatzen dugun irudia? Ondorengoentzat «erakargarria» al da transmititzen dudan irudia? Erakargarri baldin bazaie, errepikatuko dute. Bestela ez.

Inbidia puntu bat sortu behar du militanteak, baldin eta ondorengoek bere bidea jarraitzea nahi badu.

Militantearengan sakrifizioa, buruhaustea, haserreak, enfrentamendua... soilik ikusten baditu, gazteagoak ez du etorkizunean hori nahiko. Aldiz, ilusioa, alaitasuna, konbentzimendua, umorea... ikusten baditu, bada agian errepikatuko du. Agian, bere buruarentzat ere nahiko du.

Beraz, egitea bezain garrantzitsua da, egitean ematen dugun irudia.

Duela bizpahiru urtera arte herrian ematen nuen irudia eta orain ematen dudana ez dut uste berdinak direnik. Orain behintzat ez dut uste inoren inbidia naizenik, inori nik daramadan bizitza errepikagarri zaionik. Eta egiten dudana ondorengoek egiten jarraitzea nahi badut, aldatu beharra ditut moduak, formak.

Kontua da, lehen nahi nuelako egiten nituela gauzak, gaur egun, sarritan, egin behar direlako. Aldatu beharra daukat gauzak ikusteko modua eta egiteko modua. Horrekin batera aldatuko da nireganako sortzen dudan irudia ere.

Eta zuk, zer da inguruan proiektatzen duzuna?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!