Erretiroa? Ezta pentsatu ere!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2019ko otsailaren 24a

Ostegunean hasiko dira inauteriak askorentzat, baina Amezketan laburragoak izan ohi dira. Larunbat eta igande goizetan ateratzen garai Talai-dantzekin, eta horri gehitu behar zaio ostiral arratsaldeko Zumadi Eskolakoen jaia eta, nahi duenak gehitu beza, baita ere, astelehen gaueko talaitarron afaria.

Hiru egun horietara eta hiru ekintza horietara mugatzen dira Amezketako inauteriak; gainontzeko egun eta orduak Tolosan pasatzen baititugu.

Kontuak ateratzen hasita, bizitza erdia daramat Talaitan: 14 urterekin hasi nintzen ateratzen, eta aurten 30 urte egingo ditut tartean izan da lanagatik atera ez naizen urteren bat.

Bizitza erdia, alajaina! Azken urteetan gero eta talaitar gehiago gara eta, kontuak ateratzen hasita, dagoeneko bigarren edo hirugarren zaharrena naiz. Norbaitek esan lezake erreleboa emateko garaia dela, baina, nola egin hori? Hain da polita urtean behingo aurpegi horiek ikustea! Urtean behin baserri batzuetako atariak alaitzea; behingoz, herriko beste hainbatekin, taldeko kide sentitzea!

Herri txiki, infernu handi dio esaerak eta, herri txikietan, diferentea baldin bazara, kosta egiten da herriko bat gehiago izatea. Baina, inauteriek eta Talaiek aukera hori ematen dute: behingoz amezketar bat gehiago izatekoa!

Beraz, nahiz eta berez erretiroan pentsatu beharko nukeen, oraindik ez naiz halakorik planteatzen hasi. Oraindik Kontxik garbitutako eta plantxatutako alkandora eta galtzak jantzi, eta, Kontxik prestatutako kafe-termoa esku batean eta anisa bestean dudala, aterako naiz 07:50ean, gurasoen etxetik, plaza aldera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!