Ausardia eskatu diot Olentzerori

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2018ko abenduaren 23a

Norbere buruari eskatzea ongi dago, baina ez gehiegi. Eta neure burua aztertuta (eta uste dut zu ere ez zarela horretaz libratuko) ikusi dut neure buruari ez diodala ongi eskatzen, gehiegi eskatzen diodala: autoexigenteegia naizela alegia.

Bizi garen gizarteak arau batzuk ematen dizkigu, norma batzuk eta horien barruan sartzea da normala izatea. Beraz, normala izatea taldeko arauak jarraitzea da. Txikitatik ikasten dugu taldera egokitzen, moldatzen. Hasi txikitatik egingo ditugun jolasetan, klasean egoteko moduan, familiak esandakoaren arabera eta medioetan ikusten dugunaren arabera. Halere, horrek ez du esan nahi nire barruak, berez, arau horiek eskatzen dituenik; bete nahi dituenik.

Arau horiek lege bihurtzen dira. Justiziazkoak izan daitezke, idatziak; edo aho batez onartzen ditugun arau ez-idatziak. Txikitatik hainbeste markatzen zaizkigu arau horiek, ze ez ditugu ezbaian jartzen. Baliteke gure barruak horiek gauzatu nahi ez izatea, baina bururik altxatzen ez duenak aitagurea bezala ikasten ditu, mirari bat bezala sinesten.

Arau horietatik kanpoko zerbait eginez gero, gure burua juzkatzen dugu. Eta ez behin. Behin eta berriz baizik. Etengabe gogoratzen dugu egin genuena, pentsatu genuena, nahi genuena… eta juizio injustu bat pairatzen du gure buruak: zintzoena, behin epaitzea litzatekeelako, eta ez egunero.

Gizartean onartua izateko, bakarrik ez gelditzeko, ingurukoen babesa sentitzeko egiten dugu hori. Beldurra baitugu. Zeren beldurra? Heriotzarena? Ez! Bizitzeari diogu beldurra. Norberak benetan nahi duen bizitza egiteari. Horrela, egunen batean nahi dugun bizitza proiektua gauzatuko dugulakoan. Baina, noiz arte horrela? Noiz arte bizi naiteke ni, benetan ni izan gabe?

Ausardia eskatu diot Olentzerori, naizena izaten hasteko ausardia. Eguberri on!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!